Egurra Ta Kitto musika talde azpeitiarra zuzeneko emanaldietako batean.
Egurra Ta Kitto taldea punk-rockera gerturatu da
Zuentzat disko berrian, ohiko ukitu dantzagarriak galdu gabe. Egurra Ta Kitto talde azpeitiarraren ibilbidea aurrera doa, abiada bizian, eta dagoeneko hirugarren lana kaleratu dute. Oraingo honetan, ordea, aldaketa eman dute, musikalki proposamen gogorrago baten alde eginez. «Punk-rockera gerturatu gara», aditzera eman du taldeko gitarrista Orhantza Alegriak. «Lehen diskotik bigarrenera jauzi bat eman genuen, baina ez ginen oso gustura geratu, eta orain gehiago sakontzea erabaki dugu. Uste dugu lortu dugula. Gu inoiz baino gusturago geratu gara, gure estiloa gehiago finkatu dugulako edo nahi dugun horretara gehiago iritsi garelako». Punk-rocketik asko badu ere, ez dituzte haizezko musika tresnak baztertu. «Ska edo ukitu dantzagarri hori mantendu nahi izan dugu».
Orain arte diskoko abesti baten izena erabili izan dute izenburua jartzerakoan. Kasu honetan, ordea, zerbait orokorragoa bilatzen saiatu dira.
Zuentzat izenburuarekin argi eta garbi dago eskaintza bat egiten dutela. «Gure ikusle, jarraitzaile eta ondoan izan diren guztientzat da, baita abesti ezberdinetan hizpide izan ditugunentzat ere; besteak beste, herri harresian parte hartu dutenentzat eta Hego Ameriketan iraultza aurrera eramaten ari direnentzat. Beste mundu hobe baten alde lanean ari diren denentzat, azken finean», azaldu du gitarra-jotzaileak.
http://youtu.be/_kh9j6ln0EE
Kalitatezko grabazioa
Mutrikuko Ame Estudioetan egin dute grabaketa, Axular Arizmendi (Axular DJ eta Nahixan) teknikariaren gidaritzapean. Maiatz osoa hartu zuten horretarako. «Axularrek egindako lanak entzuten aritu ginen eta soinu ona lortzen zuela kontu ginen. Aurreko bi lanak modu xumen grabatu genituen, baina gure estiloa sakontze aldera kalitate handiagoko grabazio bat egin nahi genuen. Eta benetan gustura gaude emaitzarekin».
Guztira hamar abesti bildu dituzte lan berrian:
Aske bizi nahia,
Ireki begiak,
Zuengatik,
Heldu besotik,
Badator Amerika,
Denboratik ihes,
Orkatz,
Errefusa,
Ez da berandu eta
Zu zeu. Hasiera batean ekaina bukaera aldean kaleratzekotan ziren, baina estudioko lana atzeratu egin zaie, ñabardurak zehazten aritu direla, eta, azkenean, aste honetan ikusi du argia.
Aurreko bi lanak autoekoizpenak izan baziren, hirugarrena Mauka Musikagintza diskoetxearen babesean kaleratu dute. Hala ere, ia-ia autoekoizpena izan dela nabarmendu dute taldekideek. «Lan gehiena gure esku joan da, aurrekoetan bezala. Zigiluak zabaldundea emango dio diskoari, dendetara banatuz, baita Durangoko Azokan egoten ere». Edonola ere, diskoa eskualde osoko tabernatan jarriko dituzte salgai, bost eurotan.
Orkatzen urteurren abestia
Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartearen XX. urteurreneko abestia entzun daiteke diskoan. «Taldekide gehienok Orkatz inguruan ibiltzen gara, baina orain arte ez genuen bertan jotzeko aukerarik izan, nahiz eta herrian hainbat aldiz jo dugun. Urteurrenaren harira, kontzertua ematea eta abestia egitea proposatu ziguten. Beraz, konplituta geratu gara etxean». Diskoaren zuzeneko lehen emanaldia Orkatzen bertan eman zuten ekainaren 15ean, The Friday's Crew taldearekin batera.
Diskoan hainbat kolaborazio izan dute. The Friday's Crew taldeko Ibon Labakak Heldu besotik abestian kantatu du, eta Ander eta Roke bikoteak txalapartak sartu dituzte
Orkatz eta
Zu zeu abestietan Era berean, Jokin Uranga, Iñaki Gurrutxaga, Beñat Hach Enbarek eta Nekane Zinkunegik idatzi dizkiete abesti batzuetako hitzak.
Bideo-klipa ere bai
Disko berriarekin batera, bideo-klipa egin dute
Heldu besotik abestiarekin. Duela hamar egun inguru igo zuten sarera eta lehen egunerako 2.300 ikustaldi izan zituen. Taldearen lehen ikus-entzunezkoa da eta Corrugadoseko labearen inguruan filmatu zuten, Yuri Agirreren zuzendaritzapean. «Abestia herri harresiaren inguruko denez, hori irudikatu nahi izan dugu». Pare bat egunetan grabatu zuten, ekaina hasieran.
Kontzertuz kontzertu dabiltza, eta horrela ibiltzeko asmoa dute uda sasoian ere. Asteburu honetan emanaldi bikoitza dute; ostiralean Ordizian ariko dira eta larunbatean, berriz, Antzuolan.