Zortzigarrenaren ospakizuna ere, baltsa jaitsierarekin

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 17a

Gaztetxearen urteurren festaren aurkezpena, herenegun (Nerea Uranga/Hitza) Zortzi urte bete dira Azpeitiko Gaztetxea ireki zutenetik. «Asanblada eta autogestioaren bidez, eraikin hutsari bizia ematen hasi ginenetik zortzi urte pasatu dira». Herrian gaztetxeak erreferentzia izatea lortu duelakoan daude Azpeitiko Gazte Asanbladakoak. «Gaztetxea izatea herriarentzat zein herritarrentzat onuragarria izan dela esatean ez daukagu dudarik». Gaztetxe anitza izaten «saiatu» direla eta saiatuko direla ere azaldu dute. Zortzigarren urtemuga aurretik hainbat ekimen martxan jarri dutela azaldu dute: zine gaua, sorginkeria eta alkimiaren ikastaroa, gabonetako ekimenak, gaztetxeko produktuak jarri dituzte salgai, boulder txapelketa, Gazte Astea eta Garagardo Azoka. Urte hauetan guztietan «egindakoak eta ekindakoak» ospatzea merezi duelako aurten ere urtemuga ospatzeko eguna antolatu dute Gazte Asanbladakoek larunbaterako. Astean zehar, urteurrena girotzeko murala margotzen jardungo dute gaztetxe atarian. Horrez gain, baltsa jaitsieran parte hartu nahi dutenek gaztetxean bertan baltsa prestatzeko aukera izango dute. Iazko isurketa salatuz Urola ibaian behera egingo dute baltsa jaitsiera larunbat eguerdian hasita. Aurten, iazkorik ez gertatzea espero dutela azpimarratu dute. Iaz, isurketa izan zen ibaian eta ibilbidea aldatu behar izan zuten. «Iazko gertaera lotsagarria bezain tamalgarria izan zen, eta oso haserre gaude horregatik», azaldu dute asanbladakoek. Ibaia garbi mantentzeko, baltsa guztien atzetik beste baltsa bat joango da bidean gelditzen diren hondakinak jasotzeko. Egitaraua Uztailak 20, larunbata
  • 11:00. Baltsen erakusketa eta eta hamaiketakoa, plazan.
  • 12:00. Baltsen jaitsiera.
  • 14:30. Bazkaria, gaztetxean. Egun osoko txartelak; Txarrantxa, Korrale eta Orkatzen salgai. Aurrez, ikasleek 8 euro eta landunek 12 euro. Egunean bertan: ikasleek 10 euro eta landunek 15 euro. 300 sarrera atera dituzte.
  • 17:00. Kalejira eta ur jolasak.
  • Ondoren. Pintxo jana gaztetxean.
  • 22:30. Kontzertua. Ritmo Callejero (rumba) eta Ezten Giro (erromeria). Bazkaltzera joan ez direnek 3 euroko sarrera hartu beharko dute pintxo janerako eta kontzerturako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide