Corrugados Azpeitiako fundizioa edo galdategia itxi dute, dagoeneko mantenuaz arduratzen ez diren gainontzeko langile guztiak kaleratu egin dituzte. Herenegun Gallardo Taldeak ia 40 langile kaleratu zituen, eta mantenuaz arduratzen diren zortzi langile besterik ez dira gelditzen Azpeitiko altzairutegiko fundizioan. Enpresa Batzordeko kideek Urola Kostako Hitza-ri azaldu diotenez, «orain, aste honetan bertan, laminaziokoak kaleratzeko txanda etorriko da».
Corrugadoseko fundizioko mantenuko langileak ez beste guztiak kaleratu dituzte. Goian, fundizioa kanpotik (Nerea Uranga/Hitza)
Ekainaren erdialdetik gaur arte 130 langile baino gehiago kaleratu dituzte Azpeitiko altzairu lantegitik. Corrugados Azpeitiako langileen ordezkari sindikalek, ekainaren 19tik 21era
bitartean Corrugadosetik 88 langile kaleratu zituztela salatu zuten.
Abuzturako denak kalean
Lantegiaren jabeak, Alfonso Gallardo Taldeak, Corrugados Azpeitiatik langile guztiak (eta Corrugados Lasaoko 68etik 38 langile) kaleratzeko Enplegua Erregulatzeko Txostena ezarri zuen. Espedientearen negoziazio epean akordiorik ez zen egon nagusien eta langileen artean; Gallardok bere proposamenari eutsi zion. Jendea ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean kaleratuko zutela iragarri zien Gallardok, baina nola burutuko zuen argitu gabe.
Orain, Azpeitiko lantegia uztailaren bukaerako langilerik gabe utziko dutela pentsatzen dute Enpresa Batzordekoek. «Fundizioan txatarrarik ez bada urtzen, laminazioan ekoizteko burdinik ez dute izango. Laminazio plantakoak kaleratzen aste honetan bertan hasiko dira». Laminazioan bi errelebo ari dira lanean egun.
Joan den astearen hasieran LAB sindikatuak iragarri zuenez, «enpresak finikitoa edo kitatze-agiria eta atzeratutako soldatak ordaintzeko dirurik ez duela aitortu arren», langileak kaleratzen segitzeko asmoa agertu du. Esandakoa bete da, aste honetan dagoeneko galdategiko 40 langile inguru gehiago kaleratu baititu Gallardok.
Lehen kaleratzeak hasi arte Corrugados Azpeitiak 278 langile zituen, eta dagoeneko erdia baino gehiago kaleratu ditu. Baina Enpresa Batzordetik jakinarazi dutenez, langile guztiak kalean utzi arren enpresa ez duela itxiko azaldu die Gallardok.
Corrugados Azpeitiako enpresa batzordeko kideek Azpeitiko planta «bideragarria» dela defendatu dute behin eta berriro, baina horretarako «beharrezkoak diren erabakiak hartu behar direla» nabarmendu dute.
«Azpeitiko lantegia bizirik mantentzeko» ahalegin guztiak egiten jarraituko dutela esan dute langileen ordezkari sindikalek, eta horretarako erakunde publikoei esku hartzeko ere eskatu diete.