Gaur egun Portu baserria, garai batean Arrazubiko Errenteria

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uztailaren 16a

Gaur egun Portu baserria bezala ezagutzen dena garai batean Arrazubiko Errenteria zen. Errenteriek agintariek egiaztatutako pisu bat izaten zuten, eta itsasoz etortzen ziren produktuak pisu horretan pisatu behar izaten zituzten. Produktuak pisu horretan pisatzeagatik errenta bat ordaindu behar izaten zuten merkatariek. Arrazubiko Errenteriara burdin mea eramaten zuten itsasoz,  eta bertan deskargatu, pisatu eta zegokien zergak ordaintzen zituzten. Arrazubin erosten zuten mea Santio Errekako ibarrean zeuden burdinolek. Hasiera batean errenteriarentzat kokapena arraroa badirudi ere, Oria ibaiaren kostaldeagatik Orioren eta Aiaren arteko lehia dago tartean. Izan ere, XV. mende bukaeran Orioko Udalak ibaiaren bi aldeak Orioren parte izatea lortu zuen. Beraz, Oriora zihoazen itsasontzi guztiak Orioko Udalaren errenteriatik pasa behar izaten zuten. Aiarrei itsasora sarrera itxi zitzaien, eta hainbat epaiketaren ostean aiarrek lortu zuten Aiako burdinoletara zihoan mea eta horietan sortzen zen burdina Aiako errenterietan kudeatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide