Haren gertukoek adierazi dutenez, bi edo hiru egunetan alda daiteke Ekhiñe Eizagirre preso zarauztarraren egoera. Maiatzaren 11tik, espetxeratu zutenetik, bakarturik dute Fresneseko (Paris) kartzelan, eta eguneko ordu batzuetan du haren kideekin egoteko aukera. Jakinarazi dutenez, Eizagirre Maixol Iparragirre presoarekin elkartzea eragotzi nahi du kartzela horretako zuzendariak, eta horregatik dute egoera berezituan. Eskoriatzarra gaur bertan aldatu dute kartzelaz, ordea. Zuzendariak orain ez duela Eizagirre bakartzeko «aitzakiarik» adierazi dute.
Hori dela eta, Laurence Le Vert epaileari zarauztarraren isolamenduarekin amaitzeko eskatu diote. Horretarako bi aukera proposatu dizkiote: batetik, bere kideen baldintza berak eskaini eta haiekin biltzea, eta bestetik, Fleury-Merogis (Paris) kartzelara bidaltzea.
Era berean, Fresneseko euskal preso politikoek protesta modura borrokaldia hasi zuten pasa den astean. Horiek astebete igaro dute zigor ziegetan, Eizagirreren egoera salatzeko. Jakinarazi dutenez, gaur ziren ziegetatik ateratzekoak. Egoera bizpahiru egunetan aldatzen ez bada, ordea, protestak gogortuko dituzte.
Horrez gain, herritarrei Le Vert epaileari faxak eta gutunak bidaltzeko eskatu diete, Eizagirre gainontzeko preso politikoekin elkartzeko galdegin dezaten.
Indartsu
Egun patiora irteten denean elkartzen da Eizagirre gainontzeko euskal preso politikoekin; eguneko gainerako 20 orduetan ez du haiekin egoteko aukerarik. Zigor ziegan dago, eta ezin du irratirik entzun, ezta prentsa irakurri ere. Bestalde, bi hilabete igaro ditu bisitarik jaso gabe. Pasa den larunbatean izan zuen aitarekin eta bikotekidearekin egoteko aukera lehenbiziko aldiz.
«Indartsu» dagoela nabarmendu dute bere gertukoek, baina egoera berezitu hori amaitzeko gogoz dela. Izan ere, «egoera horrek bere oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, preso politikoen kolektiboak prozesuan parte hartzea zailtzen du».
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide