Gipuzkoako Foru Aldundiak Aginagako Saria-Mendebaldeko ibarra ingurumen aldetik berreskuratzeko proiektuari ekingo dio laster eremua eta garai bateko habitatak leheneratzeko. Oria itsasadarrean dago Saria ibarra eta Natura 2000 Sareak babestutako eremuetako bat da. Pertsonen jardunak eragina izan du eremu horretan, baina oraindik baditu ezaugarri bereziak inguruari dagokionez.
Aranzadi zientzia elkarteak hezegune hau leheneratzeko azterlana egin zuen orain dela lau urte, Usurbilgo Udalak eskatuta eta Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusiaren esanetan, egitasmo honekin, padura bat berreskuratuko da lehen aldiz Oria ibaian, eta hori pozgarria da. Proiektu honetan Europako Batasunaren irizpideak jarraitu dituztela ere nabarmendu zuen.
Orain, azterketa horretan oinarrituta diseinatu da proiektua. Lurrak Usurbilgo Udalarenak dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiak leheneratze lanak hartuko ditu bere gain. Usurbilgo Udalaren izenean, Ingurumen zinegotzi Jose Maria Rivadeneyrak proiektu estrategikoa dela adierazi zuen. Aspalditik ari ginen honekin, baina, finantziazio faltarengatik, ezin izan dugu orain arte gauzatu. Orain Aldundiak heldu egingo dio, beraz, guk eskerrak eman nahi dizkiogu. Gaineratu zuen mota honetako ekimenek inguruko herritarren bizi kalitatea hobetzeko balio dutela.
Bi fase
Proiektuak bi fase izango ditu. Lehenak estuarioaren eragina berreskuratzea du helburu. Hau da eremua mareen eraginpean uzteko, ura sar dadin errazteko eta, horri esker, zenbait habitaten azalera zabaltzeko: belardi gazi atlantikoa, ur-bazterreko haltzadi eurosiberiarra eta lezkadia. Lezkadia bereziki da interesgarria hori delako gogokoena Kantauri itsasoko estuarioetan habia egiten duten uretako hegazti gehienentzat, eta horrek espezie hauek erakar ditzakeelako Sariara. Lanetan eremua ibaitik bereizten duten hormak kendu, drainatze kanalak egokitu, makaldiak kendu eta zenbait eremutako kotak beheratu beharko dituzte. Horrez gain, landare inbaditzaileak ere kendu. Lehen faseak 240.921 euroko aurrekontua du eta lanak abuztuan hasteko asmoa dute eta 2014. urte hasierarako bukatuta egotea espero da.
Bigarren faserako, ur gezako urmael bat sortzeko aukera
aztertzen ari dira, habitat aberastasuna areagotzeko; hori, ordea, aurreragorako kontua izango da.
Prentsa aurrean egindako aurkezpenean Ainhoa Iraola Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak oso interesgarritzat jo zuen proiektua. Saria ibarra Natura 2000 Sarean dago, baina berreskuratu gabe. Beraz, hemendik aurrera, izena ezezik, izana ere izango du: Natura 2000 Sarean egongo da, baina behar bezala; hau da, ingurumen aldetik berreskuratuta, esan zuen Iraolak ingurumenarekiko Foru Aldundiaren konpromisoa berretsi zuen bitartean: Gipuzkoa solidarioa, garbia eta iraunkorra egiten ari gara. Gipuzkoa berdea nahi dugu, ederra, eta natura zaintzen duena. Eta Gipuzkoa hori ondorengo belaunaldiei utzi nahi diegu. Hori da gure ardura eta eginbeharra, eta horretan ari gara, beste erakunde eta elkarte batzuekin; kasu honetan, Usurbilgo Udalarekin eta Aranzadirekin. Izan ere, ingurumenarekiko konpromisoak pertsonala izan behar du, baina baita kolektiboa ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak argi du apustu hori, eta bide horretatik jarraituko du, elkarlanean, lurralde hobea egiten eta Gipuzkoa berria eraikitzen.
Herrio Natur Taldekoen iritzia
Saria ibarra Oria itsasadarrean egonik Oriongan ere eragina baduela jakinik, Herrio Natur Taldeak iritzia eman digu Sarian egin asmo duten berreskuratze lanaren harira:
Zigortua dago Oria. Menditik itsasoraino industriak, herriek eta nekazaritzak beren beharretara moldatu izan dute.
Baina Saria padura izango da berriz, eta itzultzeko aukera izango dute garai batean ugariagoak ziren landare eta animaliak, eta errioak bere lanak –ura garbitzea, uholdeak saihestea…– egiteko oztopo bat gutxiago izango du. Oriak ezezik, Oriako biztanleok ere arnas hartuko dugu.
Saria padura izango da berriz, araztegi naturala, arrain, hegazti eta abarren gordeleku. Natura 2000 sareak Oria ibaia kontserbaziorako babesten du hainbat tokitan, eta orain Usurbil hasi da babes hori gauzatzen. Bejondeiela. Lehenak izan dira. Hurbil izan ginen oriyokuak, lehenak izateko osagai guztiak genituelako, baina, lastima, ziaboga katramilatu egin zaigu eta azken luzean aurre hartu digute aginarrek, gure patroiak norabide bat adosteko gai ez direlako.
Usurbilgo udalak Sarian erosi zituen lurrak kontserbaziorako berreskuratuko ditu, Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin. Herrian, Motondon, Sarian dituzten osagai guztiak ditugu: udalak erositako lurrak, Natura 2000 Sarea izendapena, eta Foru Aldundiak emandako xoxak. Eta hala eta guztiz ere gure ordezkari politikoek erabaki dute ezer ez egitea, diru-laguntza joaten uztea.
Motondo BA-BES-TU-TA dago, eta soilik kontserbatzeko berreskura daiteke; ez maxieroskirik, ez eta arraun pistarik. Ezer ez eginda, dagoen bezala geratuko da Motondoko betelana; baina, orduan, zertarako erosi zuen lurra Orioko udalak? Usurbilgo udalak aurre hartu digu, guk ez bezala, dirua alperrik galtzen utziko ez duelako.
Eta berdin digu bigarrenak edo hirugarrenak bagara: errioa ahalik eta gehien berreskuratuta, guztiok irabaziko dugu, baita azkenak ere.