Mikel Ibarguren: "Idazteko arrazoi poetikoak izan ditut oraingo honetan"

Aritz Mutiozabal 2013ko uztailaren 16a

Mikel Ibarguren zestoarra (Argazkia: Gaizka Iroz) Bi urteko epean poema liburu berria eman du argitara Mikel Ibargurenek (Zestoa, 1967). Bide batez esanda izenburua jarri dio, eta Utriusque Vasconiae argitaletxearen babesean aurkeztu du oraintsu. Honakoa, ordea, ez da 2011ko Joan da negua lanaren jarraipena. Oharkabean etorri zaiola nabarmendu du, haren bila joan gabe. Lan berrian bere betiko kezken inguruan hausnartzen jarraitzen du Ziburun bizi den idazleak, baina, oraingo honetan, gai aldetik «libreago» sentitu dela dio. Bide batez esanda da zure poesia liburu berria. Zer da esateko duzuna? Izenburuarekin halako hitz joko bat egin nahi izan dut. Esaldi bakar batekin bi helburu bete, hain zuzen ere. Alde batetik, bidearen erreferentzia ekarri nahi nuen. Bideak esanahi handia du niretzat, bizitzaren metafora delako, azken finean. Gainera, konturatu naiz gure hizkuntzan asko erabiltzen dugula. Hitz polisemikoa dela; hala nola, hor dira bakebidea, aurrerabidea, galbidea, zuzenbidea eta abar. Horiez gain, niri gehien gustatzen zaizkidan bi hitzak ere hitz horrekin eraikitzen dira; hau da, norabide eta bidelagun. Bizitza honetan aurrera egiteko norabide bat eta bidelagun onak edukitzea ezinbestekoak dira. Edozein tokitara joateko bide guztiak dira onak, baina joan nahi duzu leku horretara iristeko bide bakarra dago, eta horretarako norabide eta bidelagun on bat aukeratzea komeni da. Eta beste helburua zein da? Bidearen esanahiaz gain, lokuzio modura erabili nahi nuen. Azken finean, ez nuen zerbait zehatza edo itxia azaldu, baizik eta zubilana egingo zuen zerbait iragankorra.  Edonola ere, Bide batez esanda poema baten izenburua da, eta bideari buruzko hausnarketa horiek jasotzen ditut bertan. Liburuko gainerako poemek ere bidea al dute oinarri? Ez, nire orain arteko tematika eta konstantziak ageri dira. Badira arnas luzeagoa dutenak, badira deskriptiboagoak, badira aforismo itxurako poema laburrak...  Edukiari dagokionez, nire betiko kezkak eta hausnarketak ageri dira. Nire baitan orbitatzen dauden gertaerak, sentipenak eta gogoetak agertzen dira. Guztiok barruan ditugun korapilo horiek, nolabait esateko. Kasu honetan, ordea,  maitasunak, askatasunak eta zorionak leku handiagoa eduki dute. Nire barne hausnarketa horretan, egia da maitasunak, askatasunak eta zorionak gero eta leku handiagoa hartzen dutela. Jakin badakit hitz handiak direla, oso hitz labainkorrak eta kontraesankorrak. Edukiz hustuak ere badira gaur egungo gizartetik begiratuta. Azken finean, sentipenez hitz egitea ulertzen errazak diren gauzak dira, baina gero esplikatzen zailak. Kontzeptu hauekin ere gauza bera gertatzen da. Idazteak ideia horietan sakontzeko aukera ematen dit, nire betiko kezka existentzialetatik hasi eta  poema jostarietaraino. Liburu hau egiterakoan libreago sentitu zarela esan al daiteke? Hala izan da. Nire lehen poema liburua kartzelan idatzi nuen (Hemen gauak lau ertz ditu, Susa) , eta literatura egiten nuen kontzientziarik ez nuen orduan. Bigarrena deserriari buruzko zen (Deserriko karrikak, Susa), eta gaiekiko oso lotuta nengoela ikusten dut gaur egun. Hirugarrena esperimentazio moduko poema minimalistak ziren (Ahapetik, 2007ko Irun Hiria Literatura Saria). Eta duela  bi urte atera nuena (Joan da negua, Susa), zirkunstantzia gogor batzuen ondoren idatzitakoa izan zen. Zerbait esan nahi nuela sentitzen nuen testu horietan, eta oraingo honetan libreago sentitu naiz, ez naizelako zerbait esatera joan gai jakin baten inguruan. Idazteko arrazoiak ugariak izan daitezke, eta oraingo honetan, besterik gabe, idazteko arrazoi poetikoak izan ditut. Bide batez esanda liburuarekin iluntsuna atzean utzi al duzu? Itxaropentsuagoak al dira poema berriak? Iristen zaizkidan iritzietan nahiko poema ilunak eta malenkoniatsuak direla esaten didate. Nire barruko deserriaren sentipen hor dut, halako herrimin sentipena, eta, nolabait esateko, hortik abiatzen naiz. Hala eta guztiz ere, nik ez nuke esango nire poemak erabat etsiak edo ilunak direnik. Orain arteko nire poema liburu politikoena ere bada, nire ustez. Ez zentzu itxian ulertuta. Ez politika gaiez ari naizelako, baizik eta nire sentipenen eta emozioen politikotasunaz ere ari naizelako. Testu ilunak direla esaten didaten arren, poema bitalistak egiten saiatzen naiz. Ni neu ez naiz pertsona iluna edo malenkoniatsua; alderantziz baizik, oso bizizalea naiz. Liburuak argilunak izango ditu, baina nire begietatik ikusten dudanaren arabera idazten dut. Kasu honetan, liburua ez dago ataletan banatuta? Hala da. Editorearekin hitz egiterakoan, ez nuela ataletan banatu nahi esaten nion, liburuak trinkotasuna izan zezan. Liburu osoa poema bat dela uste dut; hau da, atal ezberdinez osatutako poema bat dela. Bestalde, poema bakoitzak bere autonomia du, bere bizitza propioa. Hasiera eta bukaerabat duenez, ez du atalik. Oso biluzia da eta erraz irakurtzekoa. Zure aurreko lanak Susa argitaletxerekin argitaratu dituzu, baina  oraingoan Utriusque Vasconiae etxearekin kaleratu duzu. Nolatan gertatu da aldaketa hori? Azken finean, Utriusque Vasconiae argitaletxeko editore Ur Apa­lategi laguna dut. Susarekin kaleratzen nuenean ere, hasieran ez nion zuzenean editoreari bidaltzen, hurbileko lagunei baizik. Errespetu handia ematen dit nire lanak editoreari bidaltzeak. Na­hiago dut gertukoei pasa aurrena, eta haien iritziak jaso. Lehen Jose Luis Otamendiri bidaltzen nizkion, eta hemen ere gauza be­ra egin dut. Lehenik eta behin, Ur Apalategi lagunari bidali diot, ez Ur Apalategi editoreari. Nire lana gustatu zitzaion, eta argitaratzeko eskuzabalik agertu zitzaidan. Naturalki atera da, lagunetik lagunera egindakoa izan baita. Orain arte poema liburu batetik bestera epe luzea utzi duzu. Kasu honetan, aldi, Negua joan da lanetik Bide batez esanda lanera bi urte baino ez dira pasatu. Harritu den lehena ni neu izan naiz. Ez nuen liburu baten adinako gorputza izan zezakeen zerbait aterako nuenik. Ni neu bere bila joan beharrean, bera etorri zaidala eskuetara esan behar dut. Liburuak idatzi ondoren barren hustuta sentitzen naiz, eta distantzia bat ipini nahi izaten dut. Baina liburu honen errua Auxtin Zamorak du. Senpereko Hatsa poesia elkarteko arduraduna da be­ra, eta urtero ateratzen duten poema libururako zerbait bidaltzeko eskatu zidan. Hustuta sen­ti­tzen nintzen arren, testu bat bidali nion. Testua idazterakoan halako kilima bat eragin zidan, eta poemari tiratzea erabaki nuen. Horrela etorri da liburu hau, bat-batean eta ustekabean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide