"Besteak ere indartsu daude eta banderak irabazteko gogor eta umil lanean jarraitu behar dugu"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uztailaren 15a

Asteburu pozgarria izan da pasa dena eskualdeko arraunlarientzat eta arraunzaleentzat. Alde batetik, hiru izan dira etxera ekarri dituzten banderak, eta bestetik, Kantauri itsasoko arraunketan goi mailan daudela argi utzi dute Orioko gizonezkoen traineru nagusiak eta Zumaiako emakumezkoen traineruak. Oriotarrak, bandera udaletxeko balkoitik astinduz (Argazkia: Joxemari Olasagasti) Emozioz beteriko bi jardunaldi jokatu dituzte asteburuan, eta arraunerako grina piztu da arraunzaleen artean. Denboraldia amaitu bitartean goi mailako norgehiagokak eta une pozgarriak izango direla argi geratu da. Emakumezkoei dagokienean, asteburu garrantzitsua izan da pasa dena. Izan ere, larunbateko eta igandeko estropadetan erabaki da nork jokatuko duten aurten Euskotren Liga. Denera zortzi traineruk parte hartu dute sailkapen estropadetan; tartean, Zumaiako, Orioko eta Zarauzko traineruak. Erlojuaren aurkako estropadak izan dira biak. Zumaiako emakumezkoen trainerua iazko txapelduna izateagatik Euskotren Ligan postua gordeta zuen. Beraz, gainontzeko zazpien artean bi estropadetako puntuak gehituta hiru onenak sailkatu dira Euskotren Ligarako; San Juan, Hibaika eta Orio, hain zuzen ere; denak gipuzkoarrak. Euskotren Ligan sailkatzea jokatzen ez bazuten ere, Zumaiako neskak ez ziren erlaxatu, eta lan bikaina egin zuten. Bi bandera irabazi dituzte asteburuan eta ligako lehen postuan sailkatuta daude. Nabarmentzekoa izan da igandean Donostian jokatu zen estropadan Zumaiako traineruak aurkariei atera zien aldea: San Juani 36 segundo, Hibaikari 39, eta Oriori 59 segundo. Zumaiako Arraun Elkarteko ordezkariak oso gustura daude emakumezkoen traineruak asteburuan egin duen lanarekin. «Taldea oso ondo aritu da, eta emaitzek ere erakusten dute hori. Dena dela, hankak lurrean ditugu, eta jakin badakigu beste taldeak ere indartsu daudela eta banderak irabazteko gogor eta umil-umil lanean jarraitu behar dugula», azaldu dute. Igandeko estropadan traineru baten eta besteren arteko diferentziak handiak izan badira ere, Zumaiako Arraun Elkarteak uste du ez dela hori kontuan hartu behar. «Itsasoa oso mugitua zegoen, eta horrelako kasuetan normala izaten da tarte nabarmenak izatea». Orioko Arraun Elkarteko kideak ere gustura dira, Orioko emakumezkoen traineruak lehen aldiz Euskotren Ligarako sailkatzea lortu baitu. «Azken urteetan emakumezkoen arraunean egin den lanketak emaitzak eman ditu. Traineruak goi mailan jokatuko duen lehen denboraldia izango da, eta orain oinarri sendoa osatu eta proiektua egonkortzeko garaia da. Arraunaz gozatu eta goi mailan jokatzea zer den ikasi behar dute orain, eta epe ertain-luzean bandera lortzeko lehian izatea nahiko genuke», azaldu du Ibon Huegun Orioko Arraun Elkarteko presidenteak. Zarauzko emakumezkoen trainerua Euskotren Ligatik kanpo geratu bada ere, Zarauzko Arrun Elkarteko ordezkariek balorazio positiboa egin dute. «Zarauzko Enbatak lehenengo urtea du traineruan, eta bagenekien oso zaila izango zela beste talde batzuei aurrea hartu eta Euskotren Ligarako sailkatzea. Dena dela, abagune ederra izan da beste taldeekin parez pare aritu eta haien maila zein den neurtzeko. Gainera, kontuan izan behar da Enbata traineruan arraunean ari diren arraunlarien artean bakarra dela aurrez traineruan arraun egindakoa», azaldu dute. Bandera, Oriora Emakumezkoen garaipenez gain, hiru urte geroago TKE Ligako bandera bat iritsi da asteburuan eskualdera. Emozioz betetako estropada jokatu ondoren, oriotarrek Pedreñako Bandera irabazi zuten larunbatean. Urduritasuna eta zirarra izan ziren nagusi Pedreñara estropada bertatik bertara ikustera joan ziren zaletuen artean, nahiz larunbat arratsaldean Orioko tabernetan estropada zuzenean ikusi zuten oriotarren artean. Azken txanpa ikusgarria egin zuten oriotarrek; estropada guztian zehar Urdaibairekin norgehiagoka estua jokatu zuten, hiru segundo atzetik joanda. Oriok betiko arraunketa egin zuen, luzea eta dotorea; Urdaibai bezalako goi mailako taldeari heltzeko eraginkorra. Estropadan zehar indarrak neurtu zituzten oriotarrek, eta azken luzearen erdi aldean 41 arraunkadara igo zuten erritmoa. Azken txanpa ikusgarria eman zuten oriotarrek, eta jardunaldiko azken luzerik azkarrena osatu zuten. Bi segundora helmugaratu zen Urdaibai, hamazazpi segundora Tiran, eta hogei segundora Kaiku. Oriotarrek Pedreñako Bandera irabazteaz gain, arraunketa eremuko errekor berria jarri zuten. Egun pozgarria izan zen inolaz ere Orioko arraunarentzat. Orioko Arraun Elkarteko kideek hala azaldu dute. «Pasa den denboraldian beheko mailan jokatu izana eta aurten ligako liderrarengandik bi puntura sailkatuta izatea eta seigarren estropadan bandera etxera ekartzea ikaragarria da. Gu Pedreñan baginen ere, jakin badakigu larunbat arratsaldean herri osoak bizi zuela estropada oso modu berezian, emozioz beteta», adierazi du Ibon Huegunek. Dena dela, ezer seguratzat ez jotzea eta orain arte bezala «umil-umil» lanean jarraitzeko garaia dela uste dute Orioko Arraun Elkarteko kideek. «Banderak eskuratzeko lehia oso estua da, eta ez dugu horrekin itsutu behar. Orain arte bezala lanean jarraitzea da orain garrantzitsuena», adierazi dute. Hurrengo hitzordua, asteazkenean Datorren traineru estropadaz gozatzeko ez da asteburura arte itxaron beharrik izango. Izan ere,  asteazken honetan bertan Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu da Donostiako uretan, eta eskualdeko emakumezkoen eta gizonezkoen traineruak bertan izango dira. Traineruen Ligako sailkapenak Euskotren liga
  • Zumaia 8 puntu.
  • San Juan 6 puntu.
  • Hibaika 4 puntu.
  • Orio 2 puntu.
TKE liga
  • Kaiku 71 puntu.
  • Orio 69 puntu.
  • Urdaibai 68 puntu.
  • Tiran 56 puntu.
  • Hondarribia 55 puntu.
  • San Pedro 53 puntu.
  • Portugalete 51 puntu.
  • San Juan 43 puntu.
  • Astillero 33 puntu.
  • Pedreña 20 puntu.
  • Zumaia 15 puntu.
  • Castreña 12 puntu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide