Larunbatean Marina de Cudeyoko bandera eta atzo Donostian Eusko Label bandera izan ziren jokoan. Orioko TKEko mutilek Marina de Cudeyoko bandera eskuratu zuten eta hirugarren izan ziren Donostian; neskak, berriz, laugarren izan ziren Euskotren ligako lehen bi jardunaldietan eta aurrera egiteko sailkatu dira.
Emakumeek, Gipuzkoako ligan hasiak ziren arren, Euskotren ligako lehen jardunaldiak jokatu dituzte asteburuan Pedreñan eta Donostian. Estropada esanguratsuak ziren gainera, sailkatze estropadak zirelako. Zumaiarrak ziren Euskotren Ligan tokia bermatuta zuten bakarrak, baina gainontzeko zazpi traineruek lehiatu egin behar izan zuten bi jardunaldietan. Zumaiak nagusitasunez irabazi ditu asteburuko Euskotren Ligako lehen bi estropadak eta hauekin batera sailkatu dira San Juan, Hibaika eta Orio. Orio laugarren izan da bietan 25 segundo eta 50 ehunenekora lehenengoan; eta 59 segundo eta 76 ehunenekora bigarrenean. Tartean hurrenez hurren San Juan eta Hibaika.
Ligan sartzea zen Orioko nesken asmoa eta ez zen batere erraza, kontuan hartuta neguan zalantzak izan zituztela trainerua aterako zuten ala ez eta Getariako arraunlari batzuekin taldea osatu arren berandu hasi ziren prestaketekin. Pronostikoen arabera laugarren postua Orio eta Bizkaiaren artean egongo zen lehian eta Orioko ontziak irabazi zuen lehia eta beraz Euskotren ligarako postua ere.
Bandera azken txanpan
Orioko taldeak aurtengo traineru denboraldiko TKE ligan lehen bandera lortu zuen larunbatean Pedreñan, Urdaibairi bi segundo eskas atera ondoren. Bi taldeen artean egon zen borroka estua hirugarren txandan eta azken luzean erabaki zen dena, azken txanpan gogor egin zuen Oriok eta 2 segundo eta 68 ehuneneko lehenago helmugaratu zen Urdaibairen aurretik. Denboraldian eskuratutako lehen bandera hil berri den Juan Lizarralde Altxerriri eskaini nahi izan zioten oriotarrek.
Igandean haizeak izan zuen zeresanik Donostiako Eusko Label banderarako jokoan. Bigarren txandan aritu ziren Hondarribiko arraunlariek erakustaldi polita egin zuten eta baita denbora ona ere: 21 minutu, 20 segundo eta 78 ehuneneko. Ohorezko tandan Urdaibai izan zen nagusi Orioren gainetik, baina Hondarribiaren denbora gainditu gabe. Beraz, Hondarribiarentzat bandera, Urdaibai bigarren eta Orio hirugarren
Donostiako Eusko Label bandera Marina de Cudeyoko bandera irabazi eta Donostian hirugarren postua lortuta bigarren postuan mantendu da Orioko taldea sailkapen nagusian Kaiku liderrarengandik bi puntura. Joan den astearekin konparatuta aldea txikitu egin da, beraz, aurrerantzean, liga irabazteko lehia estuagoa izango da. 71 puntu ditu Kaikuk, 69 Oriok eta Urdaibai ere bertan da 68 punturekin.
Asteburuko emaitzen ondoren, herritarrek harrera ona egin zieten txaranga doinuz eta Herriko Plazan bandera udaletxeko balkoian astindu zutenean. Arraunketa Elkarteko Presidente Ibon Huegunek asteburua ezin hobea izan dela esan zuen: Larunbatekoa batez ere sekulakoa izan zen. Oso ongi ari ginen, hiru estropadatan bigarren eta horrelakoetan bat tokatzen da. Ez dago gehiago eskatzerik. Arraunlariak oso gustura eta moralki ongi sumatzen dituela gaineratu zuen: Ikusten da aurten arraunaz disfrutatzen ari direla, iaz sufritzen egon ondoren. Asteazkenean, uztailaren 17an, Gipuzkoako txapelketa izango dute jokoan Orioko neska-mutilek Donostian 18:30ean hasita eta Ibon Huegunen esanetan, orain arteko emaitzei erreparatuta borrokan egon behar dugu. Gure lana ondo egiten badugu ikusi araziko dugu banderak lortzeko ahaleginean ari garela. Aurrerantzean ere berdin jarraituko dute: gure asmoa arraunaz disfrutatzea eta ahal zela goiko multzoan kokatzea zen eta hori lortuta ez dugu burua galdu behar, itxura ona eman, borrokan segi eta horrela jarraituz gero etorriko dira emaitzak.
Estropadan bertan eta harreran ateratako hainbat argazki daude hemen:
- Pedreñan mutilen estropadako eta Orioko harrerako Joxemari Olasagastirenak.
- Orioko harrerako Joxeju Olasagastirenak.
- Donostian nesken Euskotren ligako Joxemari Olasagastirenak.
- Donostian mutilen estropadako Joxemari Olasagastirenak.
- Orioko harreran Karkarak ateratakoak.