Gaur aurkeztu dute Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan datorren uztailaren 21ean jokatuko den Zumaiako V. Flysch Trail Mendi Lasterketa. Probak bi ibilbide izango ditu; proba nagusia 31,2 kilometrotakoa izango da eta proba herrikoia, berriz, 15,2 kilometrotakoa. Bi ibilbiderekin maila guztietako korrilakariek lasterketan parte hartzeko aukera izatea nahi dute antolatzaileek. Bestalde, urtero bezala aurten ere goi mailako mendizaleak omenduko dituzte Zumaiako lasterketan, Eneko eta Iker Pou hain zuzen ere.
Flysch Trail Mendi Lasterketarekin goi mailako kirol eskaintza zabaldu nahi dute antolatzaileek, Zumaiako flysch-aren aberastasun turistikoa eta geologikoa gizarteratzen duten bitartean. Horretaz gain, Flysch Kirol Elkartearentzat ezinbestekoa da ingurumenari errespetua izatea eta korrikalarien eta herritarren artean balio horiek sustatu nahi dituzte. Lasterketarekin biltzen duten diru Aspanogi Elkarteari emango diote, Minbizia duten Gipuzkoako haurren gurasoek osatzen duten elkarteari alegia.
FLYSCH TRAIL MENDI LASTERKETAKO EGITARAUA
Uztailaren 20a, larunbata
- 16:00etatik 20:00etara dortsalak banatuko dituzte Itsas Kiroldegian.
- 18:00etan Aita Mari Aretoan lasterketaren inguruko hitzaldia emango dute.
Uztailaren 21a, igandea
- 07:30etik 09:30era dortsalak banatuko dituzte Itsas Kiroldegian.
- 08:45ean abiatuko da Inda Mendi Elkarteak zuzenduriko mendi buelta Beheko Plazatik.
- 09:30ean Gernika parkean haurtzaindegia irekiko dute.
- 09:45ean Iker eta Eneko Pou eskalatzaileei omenaldia egingo diete.
- 10:00etan 31,2 kilometrotako lasterketako parte-hartzaileak irtengo dira.
- 10:20ean 15,2 kilometrotako lasterketako parte-hartzaileak irtengo dira.
- 12:45etik aurrera irabazleei sariak banatuko zaizkie