Martxan da autokarabanentzako aparkalekua eta zerbitzu gunea, Zarauzko Abendañon

Urola Kostako Hitza 2013ko uztailaren 12a

Aiziazpi kalean egokitu dute autokarabanentzat gunea. Aiora Larrañaga "Herri honek behar zuen ekipamenduetako bat autokarabanentzako oinarrizko zerbitzu gunea izan da ", adierazi du Mikel Goeneaga Mugikortasun zinegotziak. Orain arte ibilgailu horiek uzteko leku "erreferenterik" ez zegoenez, zenbait gunetan "arazoak" sortzen zituztela gogoratu du, Astin batez ere. Horrekin bukatzeko, Zarauzko Udalak gune bat egokitu du Abendañon, Aiziazpia kalean, autokarabanak aparkatu eta haiei gutxiengo zerbitzu bat eskaintzeko. Gehienez 50 ibilgailuk aparkatu ahalko dute bertan. Ura biltzeko aukera izango dute horiek: "Bi ahodun iturri bat jarri da, tutu malguak ongi egokitu daitezen bertara". Ur zikinen biltegiak husteko estoldak ere eraiki dituzte. Hondakinak jasotzeko, berriz, gaikako edukiontzi kabia jarri dute gunean. "Zerbitzu gune hau bidaian doazen autokarabanei zerbitzua emateko asmoarekin sortu dugu, eta ez kanpaldi luzeetarako. Horretarako Zarautzen beste gune batzuk baditugu", gogoratu du Goenagak. Ildo horretatik, gehienez bi egunez aparkatu ahalko dira autokarabanak bertan, eta zazpi egun igaro arte ezingo dute itzuli. Hori kontrolatzeko, TAOko makinan daon txartela hartu beharko dute erabiltzaileek. "Ziur gaude zerbitzu berri honekin herritarrek onura nabarituko dutela eta gure herrira turista eta bisitari gehiago hurbil daitezen bultzada izango dela", esan du Goenagak. Zerbitzu gune hori abian jartzeko udal alderdi politikoen ekarpen eta teknikarien lanaz gain, zarauztarren eta Sorbeltz autokarabana erabiltzaileen euskal elkartearen laguntza izan du Udal Gobernuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide