Igerilariak uretatik ateratzen, iaz. Aritz Mutiozabal
Erronka berriekin antolatu dute 43. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia. Aurten 2.000 igerilarik hartuko du parte, iaz baino 500 lagun gehiagok. Maiatzaren 30ean zabaldu zuten izena emateko epea eta ekainaren 9rako plaza guztiak bete zirela jakinarazi du Zarautz Balea Igeriketa taldeko lehendakari Javier Lizasok. Parte-hartzaile asko izanda ere, lehentasuna segurtasuna bermatzea dela nabarmendu du: «3.000 edota 4.000 igerilarik har zezaketen parte proban, baina segurtasunagatik 2.000 igerilarira mugatu dugu. 500 igerilari gehiago egongo direnez, segurtasun neurriak bikoiztu ditugu. Gauzak egitekotan, ongi egin nahi izan ditugu». Berrikuntza gisa, aurten
dopping-aren proba egingo diete zenbait federatuei.
2.000 igerilaritik 200 infantilak izango dira eta gainontzekoak seniorrak. Haurrak 11:00etan irtengo dira, eta 800 metro egin beharko dute igerian. Marearen arabera egingo dute ibilbidea. «Marea behean egokituko da, eta seguraski moilatik Munoara egingo dute igeri».
300 zarauztar
Getariako portuko Ama Birjinetik irtengo dira helduak, eta 2.850 metro egingo dituzte igerian, Zarauzko hondartzaraino. Seniorren %30 emakumezkoak direla ohartarazi du Lizasok. «Lilatoia eta gisa horretako probak kenduta, ez dago besterik hainbeste emakumek parte hartzen duenik». 1.800 seniorretatik 300 zauztarrak izango dira, %70 euskaldunak, %25 Estatukoka (madrildarrak eta kataluniarrak, gehienbat) eta %5 atzerritarrak. Frantziatik, Ingalaterratik eta Irlandatik etorritako igerilariez gain, aurten Kaliforniako (AEB) eta Dakarreko (Senegal, Afrika) bana ere izango dira.
Besteak beste, izen handiko kirolariek hartuko dute parte 43. itsas zeharkaldian; Jaime Caballero donostiarrak, Adnan Mustafic getxoztarrak, Jon Unanue zarauztarrak, Pablo Etxeberria azpeitiarrak eta Hektor Llanos gasteiztarrak, esaterako. Nesketan, Irati Mendia donostiarra nabarmendu du Lizasok: «Guztien gainetik dago. Iaz bosgarren egin zuten gizonezkoen artean».
12:00etan puntuan irtengo dira igerilariak Getariako portutik, taldeka. Lehenbizi txano beltzdunak aterako dira, zeharkaldia edo antzerako probaren bat 45 minutuan baino gutxiagoan egiten dezaketenak. Bost minutuko tartearekin ekingo diote probari txano berdea daramatenek (52 minututik behera behar dutenak), eta ondoren zurikoak (2.850 metroak ordubete baino gutxiagoan egiten dituztenak). San Anton aldeko arranplan egingo dute aurrez txipen kontrola.
Aurreikuspenei dagokienez, itsasoaren egoera egokia izango da egun horretan. «Duela hilabete ura hotza zegoen oso, baina dagoeneko 21,7 gradura igo da itsasoaren tenperatura». Marea, berriz, «erdizka» egongo dela nabarmendu du, eta parte-hartzaileek 100 bat metro korrika egin beharko dituztela hondartzara heltzeko.
Film baten eszenatoki
Antxon Arzak aurten ere hartuko du parte Getaria-Zarautz zeharkaldian.
Al filo de lo imposible telebista programan egin zen ospetsua Arza. 2000. urtean Venezuelan
kayak-arekin istripua izan eta ordutik gurpildun aulkian ibiltzen da. Horrek ez dio eragotzi, ordea, kirola praktikatzen jarraitzea. Hura eta ezintasunen bat duen beste neska bat grabatzen izango dira Nafarroako ekoiztetxe bateko kideak, igandean. Filma bat osatzeko irudiak hartuko dituzte.