Kirol udalekuetako baliabideak berrerabiliz, haur parkea jarri dute Iraetan

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 12a

Uda honetan haurrek aisialdirako gune bat gehiago izango dute Zestoan. Hain zuzen, atzo Iraetako futbol zelaian kirol parke handi bat zabaldu zuten. Gune berri hori 25 jolas eta joko baino gehiagorekin osatu dute; igerileku eta potzu txikiak, puzgarria, Molto kros zirkuitua, boleibola, toka jokuak, gimnasioko makinak daude. Aisia eta kirola uztartzen dituen parkea antolatu dute Zestoako Udalak eta kirol udalekuen inguruko herritarrek. Iraetako futbol zelaian atzo ireki zuten haur parke handia, eta uztailean eta abuztuan egongo da zabalik (Nerea Uranga/Hitza)

Antxelmo Astiazaran Zestoako kiroletako antolatzaileak adierazi duenez, kirol udalekuetan hamaika ekimen egiten dute. Horien artean, Iraetako futbol zelaia tokan, golfean, saskibaloian... ibiltzeko erabili izan dute, eta horrek herritarren interesa piztu du. Hala, aurten herritar guztiei zabaldu die jolas eta kirol eremua, hango baliabideak berrerabiliz.

Zestoako Udalak antolatu du Iraetako futbol zelaiko haur parkea, baina ekimenean kirolari lotutako eragileetako ordezkariek eta herritarrek emandako laguntza garrantzitsua izan da. Izan ere, eremua osatzeko aurretik baliatutako eta jendeak emandako gauzak berrerabili dituzte. «Herritar batzuk utzitako gauzekin osatu ditugu eskaintza, konponduz eta berriz erabiltzeko moduan ipiniz». Hala nola, herritar batzuk utzitako igerilekua jarri dute, eta danborradako karroza jolaserako gune bihurtu dute. Haurrentzako bakarrik ez, haien gurasoentzako edota helduentzako moduko eskaintza ere jarri dute Iraetan. Besteak beste, tokan hainbat modalitatetan jokatzeko aukera izango dute. Eta 12 ariketa egitea ahalbidetzen duen gimnasioko makina bat ere jarri dute. Horrez gain, futbol zelaiko taberna zabalik egongo da haur parkearen ordutegiarekin.

Arratsaldean denei irekita Hil honetan eta abuztuan egongo da Iraetako gunea zabalik. Uztailaren bukaera arte goizetan Zestoako kirol udaleku irekietako haurrentzako izango da, baina arratsaldeetan nahi duten guztiek gozatu dezakete parkeaz, astelehenetik ostiralera, 16:30etik 21:00etara bitartean. Abuztuan, ordea, goiz eta arratsaldez parke irekia izango da. Astelehenetik ostiralera, goizetan, 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik, eta arratsaldetan 16:30etik 21:00etara. Datorren hilean larunbatetan eta igandetan ere zabalduko dute; larunbatetan 10:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara, eta igandetan 11:00etatik 13:00etara. Haur parkerako sarrera doan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide