Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi aztarnategian historian atzera egingo dute beste behin, eta zortzigarren urtez indusketa lanak hasiko dituzte astelehenean. Aurten hogei boluntario ariko dira Burdin Aroko aztarnategiko arrastoen bila, Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzenduta, Iraurgi Lantzen garapen agentziaren koordinaziopean, eta Gipuzakoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalen finantziazioari esker.
Munoandiko indusketak, iaz (Argazkia: Azpeitiko Udala)
Indusketen zuzendari Sonia San Josek adierazi duenez, aurreko urtekoaren jarraipena izango da aurtengoa. Hiru aste osoz, abuztuaren 3ra bitartean, egingo dituzte indusketak, eta bi eremu aztertuko dituzte; batetik, duela zazpi urte inguru herrixkarako sarbidea zena aurkitu zuten, eta ordutik planoa osatzen ari dira. Sarreraren eta harresiaren aztarna gehiagoren bila segituko dute hurrengo astetik aurrera. «Eremua mugatzea falta zaigu, egitura erorita dagoelako». Historiaurrean bi dorrek osatzen zuten hango sarbidea, eta San Josek adierazi duenez, hormen jarraipena induskatzen segiko dute beste urte batez.
Bigarren eremua hego-mendebaldekoa izango da; orduko etxebizitzak eta bizimodua ezagutzeko asmoz, eremu horretan ehun metro koadro zabaldu zituzten iaz, eta orduan hasitako lanak gehiago sakontuko dituzte orain. «Aurreko urtean hasi besterik ez ginen egin, eta ez genuen etxebizitzarik aurkitu». Dena den, hainbat aztarna aurkitu zituzten gune horretan; besteak beste, brontzezko objektuak eta zeramikazko aztarnak.
Ikastolan aterpea
Munoaundin indusketak egin dituzten azken urteetan Kukuerri aterpetxean egin dute boluntarioek egonaldia. Aurten, ordea, aterpetxea itxita egonik, Xabier Munibe Ikastolako areto bat utzi diete arkeologoei, han pasa ditzaten gauak lana egin behar duten datozen hiru asteetan.
Munoaundin ez ezik, Zestoako Irikaitz aztarnategian ere arituko dira indusketak egiten udan.
Uztailaren 29an hasiko dituzte lanak, horretarako diru laguntzak lortu eta gero. Abuztuaren 11ra arte jardungo dute lanean han.