Orioko Arraun Elkarteak elastikoak banatuko ditu

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uztailaren 12a

Orioko elastikoetako bat Urte osoa zain igaro ondoren, arraun denboraldian murgilduta daude arraunlariak eta arraunzaleak. Orioko traineru nagusia iaz KAE1 Ligan aritu ondoren, aurten primeran abiatu du TKE Ligako denboraldia, eta bigarren postuan sailkatuta dago. Orioko arraunarentzat une gozoa da, eta herritarren denboraldiaz gozatzea nahi du arraun elkarteak. Estropadetan herriko trainerua behar den bezala animatzeko, bihar 09:00etatik 13:00etara Orioko Arraun Elkarteak elastiko horiak banatuko ditu bazkideen artean, herriko plazan jarriko duen postuan. Diru kontuak argi Orioko Arraun Elkarteak hainbat bazkideren zalantzak argitu ditu diru-kontuei dagokionean. Izan ere, azken hilabeteetan batetik bestera ibili behar izan dute arraun elkarteko kideek, eta gastuak handiak izan direla jakinarazi dute. Dena dela, arduradunek azaldu dute aurrerantzean gastuak ez direla horrenbestekoak izango, parte hartuko duen pertsona kopurua ez bada jaitsiko ere, estropadak inguruan izango direlako. Asteburu honetan, esaterako, TKE Ligako eta Euskotren Ligako bi jardunaldi jokatuko dituzte; Pedreña Bandera jokatuko da Kantabriako Pedreña herrian larunbatean, eta Eusko Label Bandera igandean Donostiako uretan. Bestalde, larunbatean KAE1 Ligako Donostiarra-Kaiarriba Bandera jokatuko da Donostian. Azken hilabeteetako gastu nagusiak
  • Bartzelonako TKE Ligako lehen estropada. 26 laguneko taldea, 6.000 euro.
  • Sevillan arraunketa olinpikoko estropada. 17 pertsona, 4.500 euro.
  • Banyolasen arraunketa olinpikoko estropada. 24 lagun, 6.500 euro.
  • Galiziako TKE Ligako estropadak. 28 laguneko taldea 6.500 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide