Oriako itsasadarreko zati esanguratsua da Saria. Horren berreskurapenean aurrerapauso izango den Saria Mendebaldeko ibarraren leheneratze proiektuko lehen fasea aurkeztuko dute gaur Usurbilgo Udaleko ordezkariek eta Foru Aldundiko teknikariek.
Gipuzkoan azken urteetan gauzatuko den padura berreskuratze lanik garrantzitsuena izango denez, egitasmo honen berri izan nahi dutenek gaur proiektuaren aurkezpenera joateko aukera izango dute. Aurkezpena, gaur, osteguna, uztailaren 11n, izango da 18:00etan, Usurbilgo Potxoenean.
Oriako itsasadarra Usurbil, Aia eta Oriok partekatzen duten altxor ekologikoa da eta duen balioa aitortu eta Natura 2000 sarearen barruan, Europa mailan Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu da berriki. Aginagan dagoen Sariako errio zatiarekin oriotarrek badute, beraz, harremanik. Sariako hezegunea Oria ibaiaren amaiera aldean kokatua dago eta balio naturalez beteta. Oriako itsasadarra Agina eta Orio artean ez da urbanizatu eta Euskadin erreferentziazko padura bilakatzeko gaitasuna du, baina horretarako berreskuratze lanak egin behar dira. Azken hamarkadetan uraren kalitatea hobetu bada ere azken mendean ibaiari kendutako eremua berriz ere itzultzea da asmoa.
Beraz, ingurumenarekin edo toki horrekin interesa dutenak joan daitezke ekitaldira.