Udaleku aukera zabala eta ume ugari dago Orion

Karkara.eus 2013ko uztailaren 11

Udaleku irekiak, ingeles eta bertso udalekuak zein bestelako egonaldiak dituzte haur eta gazteek aisialdiaz gozatzeko

Etxeko haur eta gaztetxoentzat uda igarotzeko modu ugari dago, eta eskaintza handitzen ari da urtetik urtera. Eskaintza eta baita ekintza horietan parte hartzen duen ume kopurua.

Udaleku irekiak, ingeles eta bertso udalekuak zein bestelako egonaldiak dituzte haur eta gazteek aisialdiaz gozatzeko

Etxeko haur eta gaztetxoentzat uda igarotzeko modu ugari dago, eta eskaintza handitzen ari da urtetik urtera. Eskaintza eta baita ekintza horietan parte hartzen duen ume kopurua. Udalekuak dira uda igarotzeko moduetariko bat, itxiak zein irekiak. Ongi pasatzeko gauza asko egiten dira horietan, hizkuntza, jarduera edo kirol zehatz bati lotuta edo oro har aisialdiaz gozatzeko.

Orion udalekuetan herriko zein kanpoko jende asko dabil egunotan. Batzuk kalean ikusten dira jolasean, beste batzuk uretan, Itxaspen zein Txurrukako aterpetxean besteak, ingelesez edo bertsotan, aukera asko eta askotariko neska-mutikoak, oriotarrak zein beste hainbat txokotatik etorriak.

Txurrumuski taldeak antolatutako udaleku irekietan guztira 240 umek eman dute izena aurten. Aurten lehen aldiz antolatu dute bi eta hiru urteko umeentzat Uda Txokoa eta 30 neska-mutil daude han. Txikienak besteak baino gutxiago mugitu arren, jolas ugari egiten dute guztiek. Ekintzak gela barruan izan ez daitezen saiatzen dira gehienetan: San Ferminak ospatu zituzten, uraren egunean balkoietatik bota zieten urarekin blai bukatu zuten, zikinaren eguna, margolari eguna… egiten dituzte. Hondartzara eta parkeetara ere joaten dira. Udako oporrak gozatzea da azken finean begiraleek antolatutako jolas eta ekintzekin lortu nahi dutena. Aurtengo berrikuntza txikienen udalekuak eta abuztuko eskaintza izango dira. Abuztuko lehen hamabostaldian adinez nagusiagoak –LH3tik LH6ra– ibiliko dira udalekuetan, 45 lagun. Hauekin irteerak egingo dituzte–Lekunberriko abentura parkera–, uretako kirolak, bizikletan ibiliko dira, igerilekuetara joan eta hiru egun kanpoan pasatuko dituzte besteak beste.

Arcachonera irteera

Batzuk Orion eta besteak kanpora. Izan ere, Ametsa gaztelekuak antolatuta abuztuaren 6an Arcachonera joango dira Orioko gazteak. Irteeran parte hartu nahi dutenek uztailaren 18 eta 19an Ametsa Gaztelekuan eman behar dute izena. Igeri egiten dakiten DBHko ikasleentzako da irteera.

Ingeles udalekuak

Euskaraz aritzen dira Txurrumuskiko begiraleekin, baina ingelesa ikasteko ere baliatzen dute uda beste hainbat haur eta gaztetxok. Hiru talde daude Orion eta batzuk irakasle ingelesekin aritzen dira bai jolasean, eskulanak egiten... eta horren bidez ingelesez hainbat hitz eta espresio ikasten, beti ere, haurren mailan, hauek erraz ulertzeko. Horrelakoetan maiz aisialdiak hartzen du hizkuntzak baino pisu gehiago, hala ere, Orioko kaleetan umeak ingelesez entzunez gero, seguru asko udalekutakoak izango dira.

Txurrukan hainbat talde

Txurrukako aterpetxean urte guztian barrena egoten da jendea egonaldiak egiten eta aisialdiaz gozatzen. Udan ere hamar eguneko egonaldiak egiten ari dira hainbat taldetako neska-mutilak. Euskal Herrikoak, Madrilgoak eta Extremadurakoak besteak beste elkartruke programen bitartez. Euskal Herriko toki esanguratsuak ezagutzeko irteerak egiten dituzte, urpekaritza ikasi, txalaparta jo edo igerilekuan ibili. Hori guztia bestelako jolas eta jarduerekin tartekatuz. Txikienek irteerak gertuan egiten dituzte Zarautzera, Aiara edo Orioko erdigunera.

Beste batzuk ingelesez bezala uztailaren 21etik aurrera frantsesez arituko dira Txurrukan ere. Iparraldeko hainbat gaztetxorekin elkartrukea eginez 8 eta 14 urte arteko talde bat izango baita. Abuztuan, bestalde, ezinduen egonaldiak egingo dituzte.

 

Bertso Udalekua

Bertsotan Itxaspen

Itxaspetik gertu igaro direnek ume hotsa ez ezik baliteke bertso doinuak entzun izana. Bertsozale Elkarteak antolatutako bertso udalekuetako neska-mutilak baitaude hango baserrian. Bertsoa, baina udalekuetako zati bat da, bestelako jarduerak ere egiten baitituzte. Esaterako, kulturartekotasuna landu, moilan bainua hartu, Aizperroko baratza bisitatu, galdera eta proben bidez herria eta herriko kontuak ezagutu... Bertsoak gerturatzeko atzo, asteazkena, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria bertsolari gazteen bisita izan zuten Euskal Herriko txoko askotatik etorritako 32 lagunek. Bertsolariekin eta begiraleekin galdera jolasa egin zuten eta tartean baita bertsolaritzaren inguruko galderak ere. Bertsolariei autografoak eskatzen ibili ziren gero haurra. Afal ondoren, bertso saioa izan zen eta nahi zutenek gaiak jartzeko eta beraiekin bertsotan egiteko aukera ere izan zuten. Ostiralean Oskar Estanga bertsolari eta musikariarekin bertsoak ikasi, doinuak landu... egingo dute gitarra lagun duela. Bertso Udalekuen asmoa da  bertso eskoletako haur eta gaztetxoei aisialdian bertsoaz gozatzeko aukera ematea eta zale ez diren umeak eta gazteak bertsora zaletzea, bertsolariak gertutik ezagutzea eta bertsolaritza zein orokorrean kultura aisialdiaren parte egitea. Datorren astean ere bertso udalekuetako gaztetxoak egongo dira Itxaspen. Bigarren txandako taldean Nafarrak izango dira nagusi baina beste probintzietatik ere joango dira jolasean bertsoez gozatzera.

Orion daude batzuk eta bisitan edo pasaeran etortzen dira beste udaleku batzuetako haur eta gazteak. Batzuk bizikletaz, mendi zeharkaldia egiten daudelako besteak, hondartzara datozelako...

Udaz eta udalekuez gozatzeko aukera polita eskaintzen die, beraz, Oriok.

Hona hemen Txurrumuskiko udalekuetako eta Bertso Udalekuetako argazkiak.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide