Gaur goizean agerraldia egin dute Donostiako Koldo Mitxelenan. Bertan izan da besteak beste Gari Berasaluze Zarauzko Udaleko zinegotzia
Zarautzen 14 familia medikuetatik 9k ez dute HE Hizkuntza Eskakizuna egiaztatuta. Azpeitian, berriz, eskatutako euskara maila duen pediatra bat ere ez dago. Herri horretako haurrak gaztelaniaz egitera behartuta daude, beraz, medikuarengana joaten direnean. Hala jakinarazi du Uemak.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak oinarrizko osasun zerbitzuetako hizkuntza errealitatea neurtu du. Hala, Euskal Autonomi Erkidegoko Uemako 57 udalerrietatik 28tan euskara soilean jarduteko arazoak daudela ondorioztatu du. Arazo hori duten udalerrietako medikuetatik %37k eta pediatretatik %62k dute HE egiaztatu gabe. Osakidetzaren 2005-2011 Euskara Plana amaituta, aurreikusitako aurrerapausoen %30 inguru dira bete ez direnak. Egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, gutxienez lehen mailako arreta zerbitzuetan urratsak ematea izan da planaren lehentasuna. Datuak ez dira onak: «Egun oraindik Osakidetzako langileen artean %75ek ez daukate eskatutako euskara maila egiaztatuta».
Ildo horretatik, Osakidetzako plan berria diseinatzeko ordua dela diote kideek, eta horretarako udalerri euskaldunek osatzen duten lurgunea hartu behar dela kontuan. «Udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzeaz gain, paper garrantzitsua jokatzen dute gure hizkuntzaren geroan. Beraz, udalerriotan eragin soziolinguistikoa daukan erakunde orok oso kontuan hartu beharreko errealitatea izan beharko luke aipatu berri dugunak. Edozein zerbitzu euskaraz emango dela ez bermatzea berez larria bada, are larriagoa da udalerri euskaldunetan eskubide hori urratzea».
Horri beste zailtasun bat gehitu behar zaiola diote: «Gainera, osasun zerbitzuei lotzen bagatzaizkio, hainbat herritar euskaldunek gaztelaniaz komunikatzeko duen zailtasunarekin egiten du topo, eta, horrela, bere intimitate eskubidea ere urratzen zaio nolabait».
Hori dela eta, osasun zerbitzua osorik euskaraz bermatzea «beharrezkoa bezain presazkoa» da. Horretarako, Osakidetzak eta Osasunbidek euskara plan sendoa aurrera eraman behar duela nabarmendu du. Uemak bi erakundeokin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu du.
Euskara indartzea alorrez alor
Osasungintzaz gain, bestelako alorretan ere euskararen presentzia indartzen dihardute Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek. 2012ko uztailaren 4an onartu zuten hizkuntza politika orokorra, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta belaunez belaun euskararen egoeraren jarraipena egiteko helburuarekin. Sei erakundeek bere egin dute eskualdeko alor guztietan euskararen erabilera normalizatzeko eginkizuna, eta irizpide bertsuekin eta batera jardutea erabaki dute. Hala, hainbat ekimen bideratu dute elkarrekin eta urtebete pasata horien balorazioa egin dute.
Horietako bat da Mintzalagun programa da. Guruzetak adierazi du egun hainbat herritarrek hartzen dutela parte eta une honetan programa «osasuntsu» dagoela. «Bilakaera ona izan du, eta parte-hartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakide izan genituen, 2010ean 54, 2011n 83, 2012an 76 eta 2013ean 67. Urtero, batez beste, 64 pertsona eta 18 talde inguru izan dira». Aurten, gainera, aurrerapausoa eman dute, Hiketalagun programa sortuz. «Mintzalagun taldeen metodologian oinarrituta, euskaraz hika aritzeko ikastaroa eta mintzataldeak sortu eta egin ditugu». 16 lagunek hartu dute parte.
Bestalde, kontratu publikoetan hizkuntza baldintzak bermatzeko irizpideak zehaztu dituzte, eta horren harira dekalogo bat osatu. Bi ekimen jarri dituzte martxan. Batetik, hornitzaileei fakturak euskaraz bidaltzeko eskatu zaie eta bestetik, obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatzeko hizkuntza klausula orokorrak zehaztu dituzte. «Zurrunbilo» bat amaitzeko asmoa dutela azaldu du Zarauzko Euskara zinegotziak: «Gaztelania hutsean funtzionatzera ohituta dauden enpresak euskaraz ere aritzeko beharra sentitu dute. Aurrerapausoa eman da».
Emaitza «gazi-gozoa» izan du. «Gozoa, zenbait alorretan aurrerapausoak eman direlako, baina gazia baita ere, oraindik askok bere horretan jarraitzen dutelako». «Etsigarria» dela dio Berasaluzek, eskatu arren zenbait enpresak «jarrera itxia» erakutsi duelako; Iberdrolak, esaterako.
«Lehen urratsa soilik»
Ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuetako enpresek ageriko elementuak euskaraz jartzeko zerbitzua ere abiatu dute, «erdalduna zen paisaia euskaratzeko». Guztira 1.127 establezimendu bisitatu dituzte, eta horietatik 467k eskaeraren bat egin dute; gehienbat produktu eta prezio txartelak eskatu dituzte. «Elementuak euskaratzeko ahalegin handia egin da; euskarriak eta laguntza eman zaie establezimenduei, eta harrera ona izan da. Balorazioa ona da», dio Guruzetak. Hala ere, «egiteko asko» dagoela dio. «Merkataritza arloa euskalduntzeko urrats bat baizik ez da hau, zerbitzua euskara eskaintzeko eta lana euskaraz egiteko».
«Aurrera begira zaila izango da halako programak martxan jartzea, aurrekontu arazoa dela medio. Hala ere, horretan lanean jarduteko konpromisoa hartu dugu», zehaztu du Berasaluzek.