Gipuzkoako Bodyboard Txapelketa jokatu zuten joan den asteburuan,
Zurriolan, eta 16 urtetik beherakoen mailan Unai Zubizarreta oriotarra izan zen txapeldun. Atzetik sailkatu ziren hurrenez hurren Manex Armendariz,
Jon Azkue eta Mikel Atxega.
Unai Zubizarretaren esanetan, txapelketa borobila izan zen. Eguraldi ona, olatu politak eta kategoria guztietan hartu zuen jendeak parte. Hasieratik ongi aritu zen txapelketan, nahiz eta hasieran urduritasuna sumatu, segituan baztertu eta bere egin zuen txapelketa. Nahiko erraz pasatu nintzen finalera aurkariekiko puntu dezenteko aldearekin. Finalean, ordea, lehen postuan segituan kokatu banintzen ere, txandaren erdialdean gauzak estutzen joan ziren. Hala ere, irabazle izan nintzen, dio Zubizarretak.
Zurriolako proba oso polita izan zen ikusteko Unai Zubizarretak dionez. Gipuzkoan maila altua dago. Adibidez, Alex Uranga munduko sailkapenean hamargarrena da edo Alex Odriozola 18 urtez azpikoetan Europako txapelduna dena. Beste batzuk ere, hain ezagunak ez izan arren oso ongi aritzen dira. Esaterako, Open mailan Alex Uranga parte hartzaileen artean egon arren Beñat Elosuarentzat izan zen txapela.
Gipuzkoako txapelketaren ondoren Zubizarretak baditu beste hainbat txapelketa jokatzeko. Uztailaren 14an, nazioarteko txapelketa batean izango da Portugalen Euskal Selekzkiozarekin. Hori izango da orain arte jokatu ditudan probetan garrantzitsuena. Horrez gain, Euskal Zirkuituan ere parte hartzen ari da. Unai Zubizarretaren esanetan, lehenengo proba ez zen joan ondo, baina oraindik Sopelako eta Zumaiako txapelketak falta dira eta horietan emaitza ona lortzeko aukera izan nezake.