Sorkuntza Zarautzen tailerreko parte-hartzaileak 'assemblage' diziplina lantzen, Ebro Etxean. (Amaia Ventas/Hitza)
Artezaleak taldeak antolatuta, ‘Sorkuntza Zarautzen’ tailerra eskaintzen ari dira Kemen Iruretagoiena eta Edurne Peraita. Interesa dutenek izena emateko aukera dute oraindik.
Askotan artea gutxiren eskura dagoen zerbait dela pentsatu ohi da, zerbait sekretua, beste maila batekoa, eminentzien lana. Ez da horrela». Haurrak artera eta arkitekturara gerturatzea da Kemen Iruretagoiena zarauztarraren eta Edurne Peraita alkortarraren helburua, eurak ere artelanak sortzeko gai direla erakusteko. Askotariko arte prozesuez baliatuz, haien ingurunea ezagutu, aztertu eta arkitektonikoki duen balioa aitortzea nahi dute. Gogoeta egitera bultzatu, finean. Bide horretan sortu dute
Sorkuntza Zarautzen tailerra, eta uztailaren 1etik Artezaleak taldearen egoitzan, Ebro Etxean, ari dira lanean, 8 urte eta 15 urte bitarteko umeekin.
Edurne Peraita haur bati eskulana txukuntzen laguntzen. (Amaia Ventas/Hitza)
Oraingoz zortzi bat haur joaten dira bertara goizero, baina uztaileko bigarren hamabostalditik aurrera bi soilik izango direla ohartarazi du Iruretagoienak. «Haur asko udalekuetara joaten dira». Horregatik, uztailean 10:00etatik 12:00etara hainbat arte esparru landu eta sormena garatzeko gogoa dutenek oraindik ere badute izena emateko aukera. Horretarako, Artezaleak-era deitu edo idatzi beharko da, 943-83 55 68 telefono zenbakira edota
artezaleak@telefonica.net helbide elektronikora.
Konbentzionalismotik at
Peraitak eta Iruretagoienak eskola teorikoez gain eta konbentzionalismotik urrunduz, hainbat ariketa prestatu dute haurrek Zarautz ezagutu dezaten. «Herriarekin duten harremana aprobetxatu nahi izan dugu, baina ohikotik harago. Zarautz herri aberatsa da. Hondartza luzea izateaz gain, eskulturaz eta bitxi arkitektonikoz josita dago. Egunero ikusten ditugu, baina askotan ez ditugu baloratzen», dio Iruretagoienak. Horien garrantzia aitortzeko paisaian zentratu ziren parte-hartzaileak lehenbiziko astean.
Ildo horretatik, perspektiba ezagutzea garrantzitsua dela argi zuten irakasleek, eta marrazkien bidez egin dute hori. Horretarako
Canons 22 eskultura hartu zuten oinarri. «Kuboak eta horiek malekoiarekin duten posizioa aproposa dira perspektiba lantzeko», azaldu du. Kostatu egin zaiela nabarmendu du, ordea. «Asko, adinez txikiagoak direnak batez ere, ohituta daude pentsatzen dutena islatzera, eta ikusten dutena marraztea zailagoa egiten zaie. Hala ere, asko ikasi dute, eta batzuk lortu dute eskultura egoki islatzea, perspektiba kontuan izanda».
Recyclart (erabilitako materialekin objektu berriak sortzea) eta argazkilaritza ere baliatu dituzte perspektiban sakontzeko lehenbiziko astean.
Bigarren astean elementu bat aukeratu, eta horren inguruan ibilbide bat egitea proposatu dute Arte Ederretan lizentziadunek. «Garai batean, bestelako aktibitateak herrian hain ezagunak ez zirenean, frontoien inguruan biltzen ziren herritarrak. Garrantzia handia izan dute beti», zehaztu dute.
Iruretagoiena ikasle bati gomendioak ematen. (Amaia Ventas/Hitza)
Zarautzen, gainera, frontoi asko daudela nabarmendu du Iruretagoienak, era askotakoak. «Zinema pilotalekua, esaterako, berrituta dago, eta gelak ditu inguruan. Villa Manuelakoak bi pareta soilik ditu, eta Frontoi Txiki eraikin bat du bere baitan, lehio eta guzti». Horiek guztiak aztertu dituzte, eta marrazki zein argazki bidez erregistratu. «Herrian integratu, eta haurrek horren inguruko gogoeta egitea ezinbestekoa iruditzen zaigu».
Natura eta espazio soziala
Astelehenetik aurrera natura islatuko dute artelanetan. «Pisu handia du naturak Zarautzen. Hondartzak eta olatuek turismo ugari erakartzen dute, baita hirietatik duen gertutasunak ere. Baliabide natural ugari ditu, baita ere. Horretaz ohartarazi nahi ditugu haurrak, zentzu klasikoago batean», esan du.
Hala, belar bilduma bat egitea erabaki dute. «Haurrek hostoak eta zuhaitzen azalak biltzeko osteratxoak egingo ditugu, Vista Alegreko parke inguruan, eta jasotako materiala sailkatuko dugu gero». Horiek guztiak koaderno batean jasoko dituzte ondoren. Ariketa bereziagoa egite aldera, papera bera eurek sortzea planteatu dute irakasleek. Bestalde,
Land art diziplina ere baliatuko dute. Hala, naturan esku hartuz horrengandiko lotura handiagoa izan dezaten haurrek. Zeramika erabiliko dute horretarako; plantxa batzuekin naturan aurki daitezkeen elementuen moldeak sortuko dituzte.
Jendea ikuskatuko dute, berriz, azken astean. «Herritarrek zein ibilbide egiten dituzten aztertuko dugu. Kale Nagusitik abiatuta jarraitu egingo ditugu, euren ingurunea behatzen ikas dezaten», dio.
Ikastaro gehiago
Artezaleak taldeak ikastaro gehiago eskainiko ditu uztailaren 26ra arte, astelehenetik ostiralera, 10:00ak eta 12:00ak bitartean. Hona hemen zerrenda:
- Zeramika eta plastika tailerra. Haur Hezkuntzako 5. mailatik Lehen Hezkuntzako 2. mailara arte.
- Xpresio tailerra. Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 4. mailara. Pintura, eskultura, musika eta performance-a lantzen dute.
- Pintura tailerra. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera.
Informazio gehiago eskuratzeko: 943-83 55 68.