Uda giro ederra askaltegietan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uztailaren 11

Uda garaia hondartzarekin eta itsasoarekin lotzen da ezinbestean. Kostaldeko hondartzak bete-beteta egoten dira, eta asko dira barnekaldeko herrietatik oporraldia igarotzeko kostara jotzen dutenak. Dena dela, uztailean eta abuztuan hondartzetako jendetza ez da denen gustukoa izaten, eta plan alternatiboak egiten ditu jende askok. Horren adibide garbia dira eskualdean zehar kokatuta dauden askaltegi edo merenderoek eskaintzen dutena. Aiako Pagoeta Parke Naturalean, Azpeitiko Goenan, Aizarnazabalgo Zubialden edota Azkoitiko Aitolan eta Ipintzan daude horietako batzuk. Uda iristearekin batera naturaz gozatu nahi duten bisitariez betetzen dira eremu horiek, eta giro ederra izaten da. Haurrak jolasean eta berriketan, atzo, Pagoetako Parke Naturaleko askaltegian. (Aiora Larrañaga/Hitza) Natura eta lasaitasuna Askaltegietako giroa ondo ezagutzen du Asier Goia Pagoeta Parke Naturaleko Ingurumen Hezitzaileak. «Asko dira uztailean eta abuztuan naturaz gozatzera inguru honetara hurbiltzen direnak. Hondartzak jendez beteta egoten dira, eta hemen mendian paseo bat eman eta bazkal ondoren lasai egoteko aukera eskaintzen dugu». Hasiera batean, krisi ekonomikoak askaltegietara jende gehiago hurbiltzea eragin duela badirudi ere, Asier Goiaren iritziz ez da horrela izan. «Inguru honetara etortzen direnak badakite zer nahi duten. Lasai egoteari eta naturari ematen diete garrantzia, eta hori ezin dute aurkitu beste gune batzuetan. Horregatik, ez da lehen baino jende gehiago etortzen». Goiaren iritziz bi motatako bisitak izaten dituzte Pagoetako Parke Naturalean. Zenbait goiz partean iristen da. Mahaia hartu, eta bazkaldu baino lehen mendian zehar ibilaldia egiten du. Badira espresuki bazkaltzera joaten direnak ere. «Batzuek ala besteek denek arratsalde partean zelaian eguzkia hartzea edo itzaletan lasai egotea atsegin dute. Hondartzako giroa eta mendi ingurukoa guztiz desberdinak dira». Bisitari motaz galdetzean, ingurumen hezitzaileak argi du nolakoa den: «Familiak izaten dira gehienbat askaltegietara etortzen direnak. Haurrek berdeguneetan edo jolas parkeetan lasai jolasteko aukera izaten dute, gurasoek bazkaria prestatzen duten bitartean, edo zelaian atseden hartzen ari diren bitartean. Haurrentzat oso eremu egokiak izaten dira askaltegiak». Pagoetako Parke Naturalak, deskantsuaz gainera, beste hainbat jarduera ere eskaintzen du. Asteburuetan eta jai egunetan esaterako Agorregiko Burdinola ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzen dituzte doan 11etatik aurrera. Horretaz gain, Iturrarango Lorategi Botanikoak ere mundu guztiko landareak ezagutzeko aukera eskaintzen dio bisitariari. Askalgietan kontuan hartu beharrekoak
  • Zaborra. Mendian edo zelaietan ez da zaborrik bota behar. Horretarako prestatutako ontzietara bota behar dira hondakinak.
  • Sua. Debekatuta dago sua nonahi egitea. Horretarako prestatuta dauden parrilak erabili behar dira.
  • Txakurrak. Lotuta eraman behar dira, bertako fauna eta flora ez kaltetzeko, eta inguruan dauden gainontzeko bisitariei ez traba egiteko.
  • Ingurumena. Zaindu behar da ingurua, eta ez dira landareen eta zuhaitzen adarrak, hostoak eta loreak moztu behar. Debekatuta dago fauna eta flora espezieen garapen normala mugatzen edo kaltetzen duten jarduerak egitea.
  • Aparkalekua. Ezin da motordun ibilgailurik aparkatu horretarako behar bezala moldatuta ez dauden aparkalekuetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide