Zestoako udaletxea.
Zestoako Udalak kontratazioen hizkuntza irizpideak martxoaren 26ko plenoan onartu zituzten, aho batez. Erabakia jendaurrean egon zen, baita epea bukatu ere. Joan den astelehenean, berriz, Donostiako administrazioko auzitegiko 1 zenbakiko epaitegitik martxoan hartutako erabakiaren aurkako helegitea jaso zuten Zestoako Udalean. Besteak beste, erabakiaren espediente osoa gaztelaniaz Espainiako Gobernuaren ordezkaritzara bidaltzeko eskatzen du. Estatuko Abokatuak jarri du errekurtsoa. Hala jakinarazi du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.
Joan den urtarrilean, Gipuzkoako 36 udalek kontratazioetako baldintza agiriei hizkuntza baldintza batzuk ezartzea adostu zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Udalekin egitasmoaren baitan. Horietatik, 19 udalek eta udal elkarte batek hartu dute hori egiteko konpromisoa osoko bilkuran edo Gobernu batzordean. «Baina askoz ere gehiago dira, egunerokoan kontratazioetan hizkuntza irizpideak txertatzen dituztenak», azaldu du Uemak.
Uemak azaldu duenez, kontratazioetan hizkuntza irizpideak txertatzeko erabakia «modu naturalean» egin izan dute Uemako kide diren udalek, eta «betidanik eta aurrerantzean ere egiten jarraitzeko irmotasuna du». «Lehentasuna euskaraz bizitzea eta herritarren hizkuntza eskubidea errespetatzea» dela esan du Uemak. Jasotako helegiteak «eraso politikotzat» jo ditu.
Udaleko administrazio kontratuetan hizkuntza irizpideak modu bateratuan ezartzeko Udalekin egitasmoarekin, Urola Kosta eskualdeko udal guztiek egin dute bat, Aiak izan ezik; hala nola, Urola Kosta Udal Elkarteaz gain, Aizarnazabalek, Azkoitiak, Azpeitiak, Beizamak, Errezilek, Getariak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak.
«Euskarazko bidea irekiz»
Ekimenak udalen hainbat kontrataziotan du eragina: obra, hornidura eta zerbitzu kontratuetan eta herri lanen kontsezioan. Udalekin egitasmoa aurkeztu zutenean, hala adierazi zuen Gari Berasaluze Zarauzko zinegotziak: «Elebitasuna bermatuko duten baldintzak proposatzeaz gain, beste bide bat ere ireki nahi da, hau da euskarazko bidea».
Zestoakoa ez da aurrena
Hizkuntz irizpideak onartu eta helegitea jaso duen udal bakarra ez da Zestoako. Izan ere, Lezoko eta Anoetako udalek ere egin zuten bat Udalekin egitasmoarekin, eta plenoan hizkuntz irizpideak onartu zituzten, eta apirilean
Espainiako Estatuko Abokatuak helegitea jarri zien. Horren aurrean, Uemak eta Gipuzkoako
Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak elkartasun «babesa eta elkartasuna» adierazi zien bi udalei, eta «erasoa» erabat politikoa zela nabarmendu zuten.