Gallardo Taldeari Corrugados Azpeitia mantentzeko emandako 5 milioi euroak «lehenbailehen» itzultzeko eskatzea galdegin dio Eusko Jaurlaritzari Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Artxiboko irudian, langileen protesta bat (Nerea Uranga/Hitza)
Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak azaldu duenez, Gallardo Taldeari 5 milioiko mailegu partaidetua Ekarpen industria-partaidetzen funtsetik eman zioten. Ekarpen sozietatean Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko aldundiek eta Kutxabankek hartzen dute parte.
Baldintzak bete gabe
Diputatuak Eusko Jaurlaritzako Industria Garatzeko zuzendari Alejandro Lopez Carcamori idatzia bidali dio, Gallardo Taldeari bost milioi horiek «fabrikaren jarduera eta enplegu maila jakin bat mantentzeko baldintzarekin» eman zitzaizkiola gogoraraziz. Corrugados Azpeitiarako Gallardok langile guztiak kaleratzeko aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedienteak «agerian uzten du» enpresak ez dituela mailegua emateko ezarritako baldintzak bete. «Beraz, bidezkoa da dirua itzul dezala eskatzea», esan du diputatuak.
Horrez gain,Uriguenek azaldu du Gallardo Taldeak Azpeitiko plantaren jarduera mantentzeko euskal erakundeek egindako deiei ez diela erantzun. «Gipuzkoako Foru Aldundiak Latinoamerikan lortu zuen 150.000 tonako lan karga ere ez zuen aintzat hartu».
Atzo LAB sindikatuak, Corrugados Azpeitiako gerentea, laminazioko arduraduna eta ofizina teknikoko beste langile bat Azpeitiko beste enpresa batera joan direla azaldu zuen. Horrez gain, «laminazioko lantegiko planoak eta laminazio sail guztiaren argazkiak eraman» dituztela eta aipatutako lantegian laminazioko makinak egiteko sail bat martxan jarri dutela azaldu zuen sindikatuak.
Gaur
Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratu du atzo arratsaldean Ertzaintzaren atestatu talde bat joan zela Corrugados Azpeitiaren bulego teknikora, eta ordubetez egon zela bertan, Corrugados Azpeitiako giza baliabideetako arduradun Iñigo Uribesalgorekin batera. Ustez, laminazioko planoak desagertu izanarekin zerikusia izan dezake ertzainak plantara joan izanak. Enpresa Batzordeko kideek baieztatu egin dute Ertzaintza atzo arratsaldean enpresan izan zela.
Zuzendaritzaren isiltasuna
UROLA KOSTAKO HITZA gaur arratsaldean Uribesalgorekin harremanetan jarri da, baina honek ez du azalpenik eman nahi izan; ez du ez baieztatu ez gezurtatu enpresak salaketa jarri duen, eta Ertzaintza enpresan izan den edo ez, ezta zertarako ere. Gallardo Taldearen komunikazio sailetik gai honen inguruan azalpenik ez dutela emango adierazi diote gaur arratsaldean HITZA-ri.