Vista Alegre auzoko jaiak abiatuko dituzte ostiralean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko uztailaren 10a

Zarauzko Vista Alegre auzoko festak. Leire Ventas Eskualdea festa giroan murgilduta dago eta herriko jai nagusiez gain, uda garaian Urola Kostako zenbait auzok euren festak ospatzen jarraitzen dute. Vista Alegreko auzotarren txanda izango da datorren asteburuan, sanpelaioak pasata, herriaren goiko aldera igaroko baita jai giroa. Urtero-urtero hutsik egin gabe antolatzen ditu auzoko jaiak Vista Alegreko Festa Batzordeak. Aurtengoan ere horrela izan da eta adin guztietako herritarrek aurkituko dute gustuko ekimenik hiru eguneko egitarauan. Ostiral arratsaldean abiatuko dute jaia txupinazoa botata eta igande arratsaldera arte haurrentzat jolasak, helduei zuzentuako lehiaketak, estilo askotako musika eta bapo jan eta edateko aukera izango da Vista Alegren. Antolatzaileek auzotarrak eta zarauztarrak asteburuan festan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Egitaraua: Uztailaren 12a, ostirala
  • 18:00etan. Txupinazoa botako dute txistulari eta buruhandiekin.
  • Jarraian. Hipo eta Tomax pailazoen emanaldia izango da.
  • 20:30ean. Sardina jana egingo da Musikarien Plazan.
  • 22:30ean. Kontzertua izango da Erromeria taldearen eskutik.
Uztailaren 13a, larunbata
  • 09:00etan. Diana joko dute.
  • 10:30etik 12:00etara. Haurrentzat eskulanak eta marrazkiak egiteko tailerra izango da.
  • 12:00etatik 14:00etara. Saskiratze eta Penalti Lehiaketa egingo dute. Horretaz gain, 2 eta 6 urte bitarteko haurrentzat Motor eta Patinete Lehiaketa.
  • 14:30ean. Bertso bazkaria eta auzoko erretiratuen bazkaria egingo dituzte.
  • 18:00etan. Zezen txikiak eta poniak izango dira.
  • 19:00etan. DJ Dual Music haurrentzat musika saio berezia egingo dute.
  • 20:30ean. Patata tortilla lehiaketa egingo dute.
  • Ondoren, DJ Dual Music-en emanaldia izango da.
  • 02:00etan. Baratxuri zopa banatuko da.
Uztailaren 14a, igandea
  • 09:00etan. Diana joko dute.
  • 12:00etan. Auzoko haurren emanaldia izango da.
  • 13:00etan. Txistorra jana eta Poteo Elegantea egingo dute.
  • 17:00etan. Dardo txapelketa jokatuko dute.
  • 18:00etan. Toka txapelketa jokatuko dute.
  • Ondoren. Haurrentzat txokolatada egingo dute.
  • 20:00etan. Jaiei amaiera emango diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide