Jose Maria Zunzunegi apaiza hil da

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 9a

Jose Maria Zunzunegi (Zestoa, 1928) apaiza hil da gaur Zestoan. Apaizgo ikasketak Gasteizko seminarioan egin zituen, eta Teologiakoak Erromako Pontificia Universita Gregorianan. Erromatik itzuli zenean Saturraranen apazgai gazteen irakasle jardun zuen lau urtez. Irakaskuntza arloan, Gasteizko Teologia fakultatean ere aritu zen geroago, 2003ra arte. Vatikano II. Kontzilioak elizetan liturgia arloan hainbat aldaketa egitea erabaki, eta Gipuzkoako Elizbarrutian ardura Zunzunegik hartu zuen. Hala, Gipuzkoan barna, eliza zaharretan eta berrietan, liturgiako elementuen baldintzak zehazten aritu zen. La iglesia, casa del pueblo de Dios. Liturgia y arquitectura (1979) lana ordukoa du. Euskal Telebistan Fede-giroan saioa egin zuen 80ko hamarkada amaieran. Gipuzkoako Elizbarrutiko Museoaren sortzailea ere izan zen Zunzunegi, Manuel Lekuonarekin batera. Gipuzkoa osoko artxibo, sakristia, komentu eta parrokiak miatu zituzten, ondarea gorde asmoz. Hamaika artikulu idatzi zituen, eta hainbat liburu utzi argitaratuta; tartean, sorterriari buruzko bi artikulu. Zunzunegiren hilbeila Zestoako Parrokian egongo da bihar, asteazkena, 17:00etan, hileta elizkuna hasi arte, 19:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide