Zestoako Arroa Behean inoiz baino luzeagoak izango dira aurtengo karmenak. Zazpi eguneko jaiak izango dituzte auzotarrek. Ekintza ugari prestatu ditu festa batzordeak, eta horien artean garrantzia berezia hartuko du danborradak. Mende erdi beteko du ekimenak, eta urteurrena ospatzeko duela berrogeita hamar urte danborrak eta atabalak astindu zituztenek orduko irudia birsortuko dute. Danborradaren sorrera gogoratuko dute auzotarrek, eta hasierako danbor-jotzaileetako batzuk etzikoan izango dira, garai zaharrak oroitzen. Horietako bat da Patxi Urbieta. Duela bost hamarkada zuzendari makila hartu zuen, eta urte askoan gidatu du taldea. Ekimenaren sortzaileetako bat da, eta etzi berriz zuzenduko ditu danbor-jotzaileak. «Bizpahiru abesti zuzenduko ditut», dio. Alboan izango hasieran parte hartu zuten beste bederatzi lagun inguru.
Arroa Beheko karmenetako artxiboko irudi bat (Olatz Prat/Hitza)
Urbietak gertutik ezagutzen du auzoko danborrada, hura gidatzeaz gain, danborra jotzen ere aritu baita urtez urte. Lehenengo urtea ere ondo gogoan du: «Napoleonez jantzita ateratzen ginen, eta ondoan mutil koskorrek bengalekin argiztatzen gintuzten». 40 lagun inguru elkartu ziren lehenengo urte hartan, «guztiak gizonezkoak». Ordutik danborradak bere bidea egin du, eta hasierako garaietatik «zeharo aldatu» dela adierazi du Urbietak. Orduko eta oraingo jantziak desberdinak dira, gizonak ez ezik, emakumeak ere ariko dira danborra jotzen, eta ez dute inoren laguntzarik behar argia izateko. «Lehengo aldean, orain hobeto jotzen dute danborra», gaineratu du beteranoak.
Larunbat gaua indartzea
Danborradaz gain, hainbat berrikuntza izango dute festek. Lehenengo aldiz, bailarako lagunek giza proba jokatuko dute zaldiaren aurka, eta Uztailafest garagardo azoka ere egingo dute. Antolatzaileek inbertsio nagusia musika taldeetan egin dute. Larunbat gaua indartu nahi izan dute, eta horretarako puntako bi kontzertu izango dira Arroa Behean; Skasti eta Gose taldeak izango dira taula gainean.
Egitaraua
Uztailak 11, osteguna. Jubilatuen eguna
- 11:00. Bonbazoa eta suziriak, jaiei hasiera emateko.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria Ederki elkartean, trikitilariek alaituta.
- 18:30. Pala txapelketako finalerdiak.
- Jarraian. Munduko platerak. Arroa Behean bizi diren jatorri askotako pertsonek egindako janaria. Dastatzeko aukera egongo da.
- 22:30. Karmenetako III. Mus Txapelketa Herrikoia eta mahai jokoak, Ederki elkartean.
Uztailak 12, ostirala. Umeen Eguna
- Jarraian. Umeentzako bazkaria.
- 17:00. Poxpolo eta Moxolo pailazoen Martxa emanaldia.
- 19:00. Pala txapelketako finalak.
- 23:00. Danborrada, Zestoako txarangarekin.
- 00:00. Ikurrina altxatuko da, eta ondoren Ai Ene taldearekin erromeria, goizaldera arte.
Uztailak 13, larunbata. Koadrilen Eguna
- 10:30. Bikotekako paella lehiaketa.
- 14:30. Koadrilen arteko bazkaria.
- 17:30. Herrien arteko norgehiagoka.
- 19:30. Lopeneren zezenak, pottokak eta basurdeak.
- Ondoren. Dardara perkusio taldea
- 22:30. Skasti eta Gose taldeen kontzertuak.
Uztailak 14, igandea. Euskal Jai Eguna
- Goizean. Idiakaitz txistulari taldea.
- 12:30. Arroa Beheko haurren danborrada.
- 18:00. Arroa Beheko V. Trikitilari Gazteen txapelketa.
- Segidan. Herriko sagardo dastaketa, frontoian. Pintxoak ere egongo dira.
Uztailak 15, astelehena. Karmengo Amaren bezpera
- 19:00. Giza-zaldi proba. Herriko gazteak zaldiarekin lehian.
- Jarraian. Trikipoteoa herriko trikitilariekin.
- 21:30. Uztailafest, frontoian. Afari alemaniarra eta nahi adina garagardo. Txartelak aurrez erosi behar dira.
- Ondoren. Dantza txapelketa eta diskodantza, goizaldera arte.
Uztailak 16, asteartea. Karmen Eguna
- 06:00. Baratxuri zopa jana, eta ondoren karroza baserriz baserri.
- 12:00. Karmengo Amaren meza nagusia, Arroa Beheko abesbatzarekin.
- Ondoren. Zestoako dantza taldearen emanaldia.
- 18:00. Patata tortilla lehiaketa eta dastaketa, sagardoarekin.
- 19:00. Zaldi proba, Etxeberri eta Santa Klara.
- 00:00. Ikurrinaren jaitsiera.
Uztailak 19, ostirala. Bakalada
- 21:30. Herri afaria egingo dute, frontoian.