Talentu ihesa ekiditeko saioak «arrakasta» izan du

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uztailaren 10a

Ikasketa maila altuko 15 gaztek Urola Kosta eskualdeko enpresekin elkarlanean hainbat proiektu garatu dute. Ostiral eguerdian Urola Kostako Udal Elkarteak Talentu Ihesa Ekiditen programako amaiera ekitaldia egin zuen, eta ekimenean parte hartu duten hamabost gazteei zegokien ziurtagiria eman zieten. Ostiralean banatu zituzten diplomak (Aiora Larrañaga/Hitza) Talentu Ihesa Ekiditen programa Urola Kostako enpresen lehiakortasuna hobetzeko planaren baitan abiatu zuten. «Kualifikazio altuko gazte asko ditugu eskualdean eta talentu hori galtzeko edo kanpora joateko arriskua dugu. Bestalde, eskualdeko enpresek nazioarteko merkatuetan sartzeko eta produktu eta zerbitzu berriak garatzeko laguntza behar dute» azaldu zuen Amaia Guruzeta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak. Testuinguru horretan bi osagai horiek elkartu eta Talentu Ihesa Ekiditen programa abiatu zuen udal elkarteak. Elkarlana ardatz Programa bi ataletan banatu da. Alde batetik, gazteek nazioartekotzeko eta barne ekintzailetzarako gaien inguruko 150 orduko prestakuntza izan dute eta ondoren ikasitakoan oinarrituta gazteek eta enpresek elkar lanean proiektuak garatu dituzte, IMH, Onura Colsulting eta Urola Kostako Udal Elkartearen aholkularitzarekin. Programako arduradunek jakinarazi dutenez, Talentu Ihesa Ekiditen programaren bidez gazteek «beren gaitasunak sakondu» eta lan munduan praktikan jarri dituzte. «Ez dira lanbide praktikak izan, gazteen eta enpresen arteko elkarlana izan baita». Aholkularien iritziz lan mundua «aldatzen ari da» eta aurrerantzean gero eta gehiago emago da profesionalen arteko «elkarlana». «Gazteek horretarako prest izan behar dute, profesional prestatuak izan eta euren buruan sinestea oso garrantzitsua da» adierazi dute arduradunek. Talentu Ihesa Ekiditen programaren bidez bide hori jorratu dute. Izan ere, ekimenean parte hartu duten gazteek perfil profesional desberdina badute ere, elkarlanean aritu dira azken hilabetetan. «Proiektuetan oinarrituta lan mundua datorkigu eta bertan oso garrantzitsua izango da esparru desberdinetan lan egiten duten profesionalekin kontaktua izatea,batek eskaintzen dituen gaitasunak bestearentzat oso baliagarriak izango baitira».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide