Gallardo Taldeari 5 milioi euroak itzularaztea eskatu dio Diputazioak Jaurlaritzariari

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 9a

Gallardo Taldeari Corrugados Azpeitia mantentzeko emandako 5 milioi euroak "lehenbailehen" itzultzeko eskatzeko galdegin dio Eusko Jaurlaritzari Gipuzkoako Foru Aldundiak. Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak azaldu duenez, Gallardori 5 milioiko mailegu partaidetua Ekarpen industria-partaidetzen fondotik eman zitzaion. Ekarpen sozietatean Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek eta Kutxabankek hartzen dute parte. Jon Peli Uriguen diputatuak Eusko Jaurlaritzako Industria Garatzeko zuzendari Alejandro Lopez Carcamori idatzia bidali dio, Gallardo Taldeari bost milioi horiek "fabrikaren jarduera eta enplegu maila jakin bat mantentzeko baldintzarekin" eman zitzaizkiola gogoraraziz. Corrugados Azpeitia-rako Gallardok langile guztiak kaleratzeko aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedienteak "agerian uzten du" enpresak ez dituela mailegua emateko ezarritako baldintzak bete. "Beraz, bidezkoa da dirua itzul dezala eskatzea", esan du diputatuak. Horrez gain, diputatuak azaldu du Gallardo Taldeak Azpeitiko plantaren jarduera mantentzeko euskal erakundeek egindako deiei ez diela erantzun. "Gipuzkoako Aldundiak Latinoamerikan lortu zuen 150.000 tonako lan karga ere ez zuen aintzat hartu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide