Balenciagako langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, enpresa atarian. Amaia Ventas
Lau orduko lanuztea egingo dute Balenciagako langileek ostegunean, CCOO, UGT, CIG, CAT eta ELA sindikatuetako industria sailek deituta. Zumaiako ontziolakoez gain, Pymar ontziola pribatuen patronalean ordezkaritza duten gainontzeko enpresetako beharginek ere egingo dute protesta; Galizia, Asturias, Balearrak, Kanariar irlak, Kantabria eta Euskal Herriko gainontzekoek, hain zuzen. Europako Batzordeari «presioa egitea» dute helburu, ontziola pribatuak tax lease bidez emandako laguntzak itzultzera behar ez ditzaten.
Duela bi aste 2005 eta 2011 artean sistema horren bitartez ontziolek jasotako laguntzak legez kanpokoak zirela adierazi zuen Europako Batasuneko Lehia komisarioak, eta, ondorioz, 2.800 milioi euro inguru itzuli beharko dituztela inbertsiogileek eta ontzijabeek. Jaurlaritzaren arabera, 1.000 milioi euro da Gipuzkoako eta Bizkaiko ontzioletako kontratuen bidez emandakoa. Horrek «sektorearen gainbehera» ekarriko duela salatu du Manuel Velado Euskadiko UGTko ordezkariak.
Ildo horretatik, Espainiakoei ere Frantziakoek izan zuen tratu bera emateko exijituko du Veladok. Izan ere, laguntza fiskalak legez kanpokotzat jo arren, Frantziak ez zituen bueltatu behar izan. «Uste dugu arrazoi osoa daukagula. Ontzigintza aberastasun handia sortzen duen sektorea da, eta, ondorioz, Europako Batzordeak ontzigintzan gehiago inplikatu beharko lukeela deritzogu», nabarmendu du Euskadiko UGTko ordezkariak.
Hain zuzen, inbertsiogile handiak eta ontzijabeak «laguntza fiskalak itzuli beharrik gabe auzia lehenbailehen bukatzeko» eskatuko diote Espainiako zein Euskal Herriko ordezkaritza batek Joaquin Almuniari ostegunean.
Ontzi enpresa pribatuetako ordezkariak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Galiziako eta Asturiasko presidenteak eta UGT eta CCOOko idazkari nagusiak Bruselara bidaiatu dute, eta EBko Lehia komisarioari sektorea bultzatzen eta babesten jarraitzea galdegingo diote mobiliazazioek iraun artean egingo dute bileran.
Bestalde, hilaren 17an ematekoak diren behin betiko epaiak «ontziolen biziraupena berma» dezala eskatuko diote Europako komisario taldeari. «Zuhurtziaz» jokatuko dute sindikatuek bilera amaitu bitartean.
«Egoera zail» horren aurrean Espainiako presidente Mariano Raxoik mobilizazioak babestu beharko lituzkela nabarmendu dute sindikatuek, eta Europako Komisioari «ontzigintzaren etorkizuna ziurtatuko duen aldeko ebazpena» eman dezan eskatu beharko liokela.
Lanuzteez gain, ostegun honetan 11:30etik aurrera manifestazioa egingo dute Sestaoko ontziolatik abiatuta. Santurtziko enpresara iritsi ostean, bertan komunikatu bat irakurriko dute sindikatuetako ordezkariek. Hori dela eta, manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, sektorearekin lotura duten enpresetako ordezkariak eta instituzioetako arduradunak. «Guztion artean egoera desblokea dezakegu».
Gaur goizean enpresaren aurrean bildu dira Zumaiako Balenciagako beharginak,
Ontzigintza, irtenbidea zioen pankartari eutsiz. Bertan izan dira Sestaoko La Naval ontziolako zein Zumaiako EAJko ordezkari batzuk, langileei babesa agertzeko. Zamakona ontziolakoek ere egin dute elkarretaratzea Pasaian, gaur.
Ostegunean, ezohiko plenoa
EAJk ontziolen aldeko mozioa aurkeztu berri du udaletxeko erregistroan, eta ostegunean horren inguruan ezohiko plenoa egingo dute 19:00etan. Ontziolen gaineko auzia «injustua, diskriminatzailea eta neurriz kanpokoa» dela salatu du alderdi jeltzaleak idatziaren bidez. «Europako Batzordeak, eta batez ere, Almuniak ederki daki laguntzak ordaintzera behartzen badute testuingurua iluna izango dela ontzigintzarako. Horrek ontzi berrien kontratazio eta finantziazioan hainbat eragozpen sortuko baitu».
Ildo horretatik, elkartasuna agertu diete Balenciagako beharginei eta eta haren inguruan lan egiten duten enpresetako arduradunei. Industria edota fiskalitatean ardurak dituzten erakundeei, alegia, Espainiari, Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei erabakia sektorearen aldekoa izan dadin euren esku dagoen guztia egiten jarraitzeko exijituko diote mozioaren bidez.
Europako Batzordeari ontziolak itxi eta «milaka langile langabezian utzi ordez, sektorearen garapen iraunkorraren alde egiten» ahalegindu eta Europako ontzigintza «sektore estrategiko» gisa defendatzea ere galdegingo diote.
Europaren aurre erabakia ontziolentzat «egundoko zaplastekoa» izan dela nabarmendu du Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak. Behin betiko eginez gero, sektorearentzat egoera «are okerragoa» izango dela gaineratu du, eta zehazki Balenciagarentzat. «Egun ia 100 langile zuzen ditu enpresak, eta zeharkakoak gehituta, 350 lanpostu sortzen ditu. Orain atunketari bat eraikitzen ari da, eta dagoeneko beste eskaera bat ere jaso du. Epaia lehenbailehen ematen ez badute, ordea, armadorea atzera bota daiteke. Kontrako epaia emanez gero, berriz, urritik aurrera lanik gabe gera daiteke Balenciaga». Hori dela eta, beste kasuetan—Frantzian, esaterako— jarraitu dituen irizpideak kontuan izateko eskatu dio Europako Batzordeari Zumaiako alkateak.