Vicente Galdeano: «Ontziolen egoera salbatzen ari direla diote, baina haien etorkizuna hiltzen ari dira»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko uztailaren 9a

Bermeorako atunketari bat egiten ari dira egun Zumaiako Balenciaga ontziolan. (Leire Ventas/Hitza) «Ontziolen egoera salbatzen ari direla diote, baina haien etorkizuna hiltzen ari dira», salatu du Vicente Galdeanok, Zumaiako Balenciaga ontziolako kudeatzaileak. 2005 eta 2011 bitartean  ontziolek jasotako laguntzak, tax lease sistema bidez emandakoak, legez kanpokoak zirela esan zuen Europako Lehia komisario Joaquin Almuniak, eta, ondorioz, 2.800 milioi euro inguru itzuli egin beharko dutela. Jaurlaritzak kalkulatu du horietatik 1.000 milioi direla Gipuzkoako eta Bizkaiako ontizoletako kontratuen bidez emandakoak. Diru kopuru hori ontziolek beharrean, inbertsore handiek zein ontzijabeek ordaindu beharko dituztela adierazi zuen. Hain zuzen inbertsoreak eta ontzijabeak dira Galdeanoren arabera Naval, Pasaia, Zamakona, Murueta eta Balenciaga ontziolen biziraupena ahalbidetzen dutenak, eta horiek zigortuz gero, sektore horren biziraupena «arriskuan» egongo dela nabarmendu du. «Poltsikoan erloju-bonba bat jarriko baligute bezala da». Haren iritziz, Almuniak proposaturikoa «uneko irtenbidea» soilik da, beraz, «injustua». Hori dela eta, Frantziak izan zuen tratu bera emateko eskatu du; izan ere, laguntza fiskalak legez kanpokotzat jo arren, Frantziak ez zituen bueltatu behar izan. «Orain indarrak batzea besterik ez zaigu geratzen», dio. Ildo horretatik, mobilizazioak deitu dituzte UGT, CCOO, ELA eta CAT sindikatuek. Gaur Balenciagako langileek egoera salatzeko elkarretaratzea egingo dute enpresa aurrean, 11:30ean. Pasaiako Zamakona ontziolako beharginek ere protestatuko dute 11:45etik aurrera. Manuel Velado Euskadiko UGTko ordezkariak ontzi industriaren egungo «egoera zailaren» aurrean horren aldeko irtenbidea «lehenbailehen» emateko eskatu du. Ostegunean bertan bilduko dira Euskadiko ontzi enpresa pribatuetako ordezkariak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Galiziako eta Asturiasko presidenteak, Jose Manuel Soria Espainiako Gobernuko Industria ministroa eta Almunia. Enpresa pribatuei laguntza fiskalak itzultzera ez behartzeko eskatuko diote azken horri. «Zailtasunak» Egoera lehenbailehen konpontzen ez bada, «zailtasunak» izango dituztela esan du Galdeanok. Zumaiako ontziolaren kasuan, sei ontzi ekartzea negoziatzen ari zen, baina eragozpenak medio dagoeneko Singapurreko bidean direla jakinarazi du. Horrez gain, 2014ra arteko lana ziurtatuko dion kontratu bat sinatzekotan zirela ere adierazi du, baina une honetan «geldirik» dagoela. «Egoera ez bada azkar argitzen, akordioa atzeratu egingo da, eta horrek ekoizpen prozesuan zuloa eragingo du». Egun 350 lagunek egiten dute lan Zumaiako ontziolan; 98 pertsona zuzeneko langileak dira, eta gainontzekoak azpikontratatuta egiten dute lan. «Sestaokoaren atzetik, Euskadiko ontziolarik handiena da Zumaiakoa», azaldu du kudeatzaileak. Behargin horiei ez ezik, inguruko enpresei ere lana ematen die; Bombas Azkue, KSB-Itur, Guaskor eta gisa horretako enpresa handiei, esaterako. Ildo horretatik, laguntzak ordaintzera behartzen badituzte, ontzigintzaz gain, horri lotutako beste hainbat enpresa «galduko» direla ohartarazi du. Galdeanok espero du «zentzua» izango dutela, eta ez dituztela laguntzak bueltatu beharko. «Behin guztia konpontzen denean, etorkizuna ona izango da, ziur», gaineratu du. Momentuz, atunketari bat eraikitzen ari dira Balenciagaoko langileak Bermeorako. «16 urte generamatzan halakorik egin gabe. Gure instalazioak ez daude 95 metroko ontziak baino handiagoak egiteko prestatuta. Orain atunketarien neurria murriztu dute, eta, beraz, 80-90 metroko ontziak arazorik gabe egin ditzakegu». Europako Batzordeak uztailaren 17an hartuko du behin betiko erabakia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide