Corrugados Azpeitia lantegian «irregulartasunak» salatu ditu LABek

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 8a

Corrugadoseko langileen topagunea, Arretxe kalean. (Mailo Oiarzabal / Uztarria.com) Corrugados Azpeitian langileak kaleratu eta «irregulartasunak» gertatzen ari direla salatu du LAB sindikatuak. Ekainaren 19tik 21era artean Corrugadoseko Azpeitiko lantegitik 88 langile kaleratu dituztela esan du sindikatuak. «Langileak kaleratzeko Enplegua Erregulatzeko Txostena exekutatzen hasi dira, legea bete gabe eta langileenganako errespetu faltarekin». LABen arabera, enpresak finikitoa edo kitatze-agiria eta atzeratutako soldatak ordaintzeko dirurik ez duela aitortu arren, langileak kaleratzen segitzeko asmoa du. Sindikatuak «onartezintzat» jo du. Corrugados Azpeitiako laminazioko plantan «mugimenduak» egiten ari direla ere salatu du LABek. «Enpresa Batzordetik helarazitako informazioaren arabera, gerentea, laminazioko arduraduna eta ofizina teknikoko beste langile bat Azpeitiko beste enpresa batera joan dira, eta, antza denez beste hainbat langile ere enpresa horretara joatekoak dira. Lantegiko planoak eta laminazio sail guztiaren argazkiak egin eta eraman dituzte. Gainera, proiektu bat dela eta, lantegiko elektroniko bati enpresa horretara joateko deika ari dira. Aipatutako lantegian laminazioko makinak egiten hasteko sail berri bat jarri dute martxan». Zuzendaritzak «apusturik ez» LAB sindikatuak Corrugados Azpeitia enpresa bideragarria dela nabarmendu du beste behin, «baldin eta horretarako beharrezkoak diren erabakiak hartzen badira». Baina LABen ustez Azpeitiko enpresako zuzendaritzatik bideragarria izateko «apusturik ez da egin». Corrugados Azpeitiaren zuzendaritzak ez du erakutsi Azpeitiko plantak aurrera egiteko interesik, LABen ustez. «Zuzendaritzak berarengan konfiantza izan behar zela esan zuen behin eta berriz. Baina otsailean Gipuzkoako Foru Aldundiaren kudeaketen bidez Uruguairako 150.000 tonako lan karga lortu zenean interes eta profesionaltasun falta erakutsi zuten zuzendaritzakoek. Orain, Azpeitiko laminazio departamentuan egiten ari diren mugimenduak kontuan izanda, ulertu dugu zergatia». LABen arabera, Aldundiak proposamena eskura jarri zuenerako zuzendaritzako kideek eta enpresako zenbait enkargatuk kontratua eteteko salaketa jarrita zuten, «salaketaren ebazpena atera bitartean, Corrugados Azpeitiako laminazioko informazioa bildu eta aipatutako beste enpresa horretara eramanez». Erakundeek oraindik «posizionamendu publikorik» hartu ez izana salatu du LABek. «Ez dakigu Alfonso Gallardori jasotako bost milioi euroko diru laguntza itzultzea eskatu zaion, edota 2 milioi euroko BEZ atzerapenez ordaintzea onartuko zaion. Ez dugu ulertzen instituzioen isiltasuna, ez dugu ulertzen langileekiko konpromiso publikorik eza». Corrugadoseko langileen «egoera gordinaren aurrean», Corrugados Azpeitiako zuzendaritza «erabat desagertuta» dagoela ere salatu dute sindikatutik. «Erabat lotsagarria da, eta ez du inongo justifikaziorik». Gainera, Enpresa Batzordeari eskatutako dokumentaziorik ez zaiola helarazten gaitzetsi du LABek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide