ZASTek 3x3ko bi txapelketa antolatuko ditu aurten

Aritz Mutiozabal 2013ko uztailaren 9a

Eusko Protour Zarautz 2013 txapelketa jokatuko dute malekoian. (Argazkia: ZAST) Datorren urtean Espainian jokatuko da saskibaloiko Munduko Txapelketa, eta horren harira antolatu dituzten jardueren artean, 3x3 txapelketa sorta egingo dute estatu osoan, eta Euskal Herrikoa Zarautzen jokatuko da, uztailaren 19tik 21era. «Euskadiko Saskibaloi Federazioak egin zigun proposamena, hemengo onena Zarauzkoa dela esanez. Antolakuntza ona geneukala eta toki egokia dela argudiatu zuten, eta gure bitartez antolatu nahi zutela esan ziguten», adierazi du Joxe Lizasok, ZAST Zarauzko Saskibaloi Taldeko saskibaloi ataleko kideak. Txapelketaren antolatzaileetako bat ere bada. Horrela sortu da Eusko Protour Zarautz 2013. Zarauzko 3x3 saskibaloi txapelketa abuztuan jokatu izan da beti.  Protour 2013ak, ordea, data aldaketa ekarri du. Aurtengo joko eremuko lurra eta saskiak ezberdinak izango dira, Espainiako Saskibaloi Federazioak utzitakoak. Material hori abuztuan libre ez zegoenez, uztailera aurreratu behar izan dute. Bi txapelketa Jendea saskibaloira gerturaturatzea izan du helburu hasiera-hasieratik Zarauzko txapelketak. «Parte hartzea sustatu eta saritu dugu, lehiaren gainetik», nabarmendu du Lizasok. Era berean, gizarte ekintzari garrantzia berezia eskaini diote urte hauetan guztietan: hezkuntza balioak zabalduz, emakumeen parte-hartzea bultzatuz eta saskibaloi egokitua antoplatuz, besteak beste. «Alde horretatik, Protour txapelketak gure hasierako ikuspegiarekin talka egiten du. Ondorioz, txapelketa herrikoia, koadrilen artekoa, mantendu nahi izan dugu. Beraz, bi txapelketa jokatuko antolatukok ditugu aurten». Orain, bi aste barru, txapelketa lehiakorra egingo dute, eta txapelketa herrikoia, berriz, abuztuztuaren 23an eta 24an. «Esperientzia berria da guretzat», nabarmendu du ZASTeko kideak. Hala eta guztiz ere, ez dugu uste batak beste jango duenik. Aitzakia honekin, bi aldiz antolatuko da, eta, agian, herriarentzat eta jendearentzat aberatsago izan daiteke. Izen-ematea zabalik Eusko Protour Zarautz 2013 txapelketan izena emateko epea irekia dago, eta www.zast.es eta www.basketbasko.com webguneetan egin daiteke; txapelketa herrikoian izena emateko epea uztaila bukaeran irekiko dute. Antolatzaileek adierazi dutenez taldeak inskribatzen hasi dira dagoeneko. Txapelketa hainbat kategoriatan banatuta egongo da: benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak, juniorrak, saskibaloi egokitua, seniorrak eta aurten lehen aldiz beteranoak ariko dira jokoan. Aurreko urteetan bezala, Zarauzko Dama eta Desertu Txikiaren artean atonduko dute joko eremua. Aurten, zortzi kantxa eduki beharrean, sei izango dituzte. Berrikuntzekin jarraituz, ohiko sariez gain, partaideen artean 2014ko Munduko Txapelketaz gozatzeko 20 abonu baina gehiago zozkatuko dituzte. Partida eta partida artean, beste jarduera batzuk ere izango dira txapelketan zehar. Uztailaren 20an, esaterako, klinik ikastaroa emango du  Bilbao Basket, Alacant eta Estudiantes taldeetako entrenatzaile ohi Txus Vidorretak, Entrenamendu dinamikoa jokalari gazteekin izenburupean.  Saioa entrenatzaileei zuzenduta egongo da, eta Antoniano kiroldegiko kantxan emango du. Eguna biribiltzeko entrenatzaileen arteko bazkaria antolatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide