Ezintasun fisikoak dituzten pertsonentzat onuragarria da itsasoan bainatzea; alde batetik, uretan aske sentitzen direlako eta zenbait kasutan galdua izaten duten mugimendu sentsazioa berreskuratzen dutelako eta bestetik itsasoko urak osasunarentzat propietate oso onak dituelako. Hori jakinda ezintasun fisikoak dituzten pertsonak lasai eta eroso Malkorbe hondartzan bainatu daitezen bainu egokiturako zerbitzua zabaldu du Gurutze Gorriak. Uztailean eta abuztuan Kutxabankeko Gizarte Ekintzak eta Eroskik emandako laguntzari esker bi sorosle izango dira espresuki zerbitzu hori eskaintzen. Bainu egokitu zerbitzua astelehenetik igandera 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eskainiko dute. Programaren arduradunek jakinarazi dutenez, 617452153 telefono zenbakira hots egin eta hitzordua hartzea gomendagarria da, "modu horretan inork ez baitu itxaron beharrik izango".
Zarauzko Gurutze Gorriko lehendakari Felix Zubiak azaldu duenez, "Malkorbeko hondartzak baldintza ezin hobeak eskaintzen ditu ezintasun fisikoak dituzten pertsonentzat bainu egokitu zerbitzua eskaintzeko. Alde batetik, itsaso barea du egunero eta hondartzaren ondoa pixkanaka hazten doanez oso atsegin da. Bestetik, aldagelak, ezindu fisikoentzat komun egokituak eta aparkalekua dauzka hondartzan bertan". Horren jakitun da Getariako Udala eta azken hilabeteetan orain arte Malkorben eskaintzen zen bainu egokitu zerbitzua osatzeko ahalegin berezia egin du. "Iruditzen zaigu ezintasunak dituzten jendea ahal den ondoen zaintzea eta euren beharrak asetzea gaur egungo gizartean landu beharreko arlo dela, arreta berezi horrekin gainontzeko pertsonok ditugun aukerak izango baitituzte. Getariako Malkorbe hondartza oso aproposa da ezintasun fisikoak dituzten pertsonak bainatzeko eta hondartzaz gozatzeko. Horregatik, zerbitzua hobetzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu" adierazi du Nikanor Lertxundi Getariako alkateak.
Kutxabankeko Gizarte Ekinatza sailak eta Eroskik emandako diru-laguntzek ahalbidetu dute bainu egokiturako zerbitzua hobetzea. Kutxabankeko Gizarte Ekintzako ordezkari Iñaki Altunaren iritziz mota horretako proiektuak "oso aberasgarriak" dira gizartearentzat. "Bainu egokituaren proiektua laguntzen aintzindari izan ginen Hondarribiako hondartzan. Esperientzia oso positiboa izan da, jendearen irribarra ikusten duzunean, proiektuak benetan merezi izan duela argi ikusten da. Ekonomikoki une zaila bizi dugu, baina Getariatik laguntza eske etorri zitzaizkigunean ahalegina egin eta proiektua aurrera ateratzeko diru-laguntza bat osatu genuen".