Iaz baino 2.500 bisitari gehiago izan ditu Ekainberrik

Zestoako Hitza 2013ko uztailaren 5a

Ekainberri museoa
(Nerea Uranga) Zestoako Ekainberri museoak 2013ko urte erdiaren balorazioa egin du; horien arabera, lehenengo seihilekoan %15 igo da bisitarien kopurua, iazko epe horretako datuekin alderatuta. Halaber, bisitari aldetik "inoizko ekainik onena" izan duela jakinarazi du. Izan ere, urtea hasi zenetik 17.000 lagun baino gehiagok bisitatu dute Ekainberri; iaz, data hauetan, 14.500 bisitari jaso zituzten. Gogoratu dute Ekainberrik hiru aukera nagusi eskaintzen dituela; Ekainberri museoa, Ekain Abentura eta Lili Jauregia. Azken honetan, bisitak "arrakasta handia" ari dira izaten, museoak jakinarazi duenez. Bisita horietan, antzezlan baten bidez, Lili leinuko Andre Madalen pertsonaiak gidatzen du ikuslea jauregian barrena. Ekainera bitartean jaso dituzten 17.030 bisitarietatik 1.653 lagunek jo dute Lili Jauregiko antzerki bisitara. Dena den, kobaren erreplikek izan dute harrera onena, 9.821 pertsonek bisitatu baitute museoa. 5.556 lagun, berriz, Ekain Abenturan aritu dira. Ekainberri Musoeak adierazi duenez, bisita guztiak talde txikitan egiten dira: "Horrek asko laguntzen du bisitarien partaidetza eta asebetetze maila, bizitakoa oso modu positiboan baloratzen baitute".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide