Amaitu dituzte Zarauzko Alde Zaharra peatonalizatzeko lanak

Zarauzko Hitza 2013ko uztailaren 5a

Niko Bengoetxea ingeniaria, Mikel Goenaga Mugikortasun zinegotzia eta Iñaki Eizagirre Ogasun zinegotzia, jarri berri duten jardinera batean, Alde Zaharrean. Amaia Ventas Amaitu dituzte dagoeneko Zarauzko Alde Zaharreko peatonalizazio lanak. Ostiralean bertan jarri zituzten falta ziren azken landareontziak. Hala, oinezkoentzat espazioa berreskuratu dela adierazi du Mugikortasun zinegotzi Mikel Goenagak. Hain zuen, horixe zen lanen helburua: oinezkoei lehentasuna ematea. Horretarako irisgarritasuna landu da, lurreko gorabeherak desagarraraziz. Besteak beste, lokal komertzialetarako eta eskaratzerateko sarreretako koxkak berdindu dituzte, baita Modelo aretokoa ere. Oinezkoentzat jarrita, gainera, Alde Zaharra merkataritzarako gune erakargarria bilakatu dela esan du. Era berean, fatxadetako instalazioak kendu dituzte, kale azpira bideratuz. Sare elektrikoa ere berritu dute, etorkizunean instalazio berriak egin behar izanez gero guztia prest egon dadin. «Zerbait berritu behar bada ez dira kaleak zulatu beharko. Kanalizazioetarako prestatuta dago dagoeneko lur azpia», azaldu du obra zuzendari eta proiektua idatzi duenak, Niko Bengoetxea ingeniariak. Irizpide estetikoak izan dituzte kontuan lanak egiterakoan. Lurra harriz estali dute eta publizitate panelak aldatu. Landareontziak eta bizikletak aparkatzeko zutoinak Alde Zaharreko itxurara moldatu dituzte, eta zorrotenak pintatu. Guztira, 10 jardinera jarri dituzte San Francisco eta Zigordia kaleak elkartzen diren puntutik Santa Marina kalera artean, horietatik sei eserlekuekin. Lau hilabete eta erdiko epean egin dituzte lanak, eta horregatik eskerrak eman dizkio Goenagak enpresa arduradunari, Campezo Construcciones S.A.ri. «Nahiz eta eguraldi txarra egin, ekaina hasierako guztia adokinatua zuen; loreontziak jartzea besterik ez zen falta peatonalizazioa amaitzeko», gaineratu du Bengoetxeak. 828.000 euro Guztira, 898.000 euroko aurrekontua aurreikusia zuen hasiera batean obra guztia egiteko. Likidazio osoa egin ostean, ordea, 828.000 euro kostatu da. Lan horien baitan egin dituzte, gainera, udaletxe atariko sarrera berria eta Modelo atzeko kaleko konponketak. Aurrekontuaren %55 laguntzei esker ordaindu du Zarauzko Udalak. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Irisgarritasun eta Merkataritza Dinamizatzeko sailek 349.000 euro eman dizkiote, eta 111.000 euro Iberdrola eta Euskaltel enpresekin sinatutako hitzarmenei esker lortu dituzte. Alde Zaharreko peatonalizazioa zarauztarrei «nahiko merke» atera zaiela nabarmendu du Goenagak, eta «emaitza nabarmenak» izan dituela. Udala herriko mugikortasuna hobetzeko egiten ari den lanaren adibideetako bat da peatonalizazioa. Orain obra horrekin lotura duten zenbait lan abiatuko dute. Ildo horretatik, Alde Zaharrera autoak sartzeko irizpide sistema jarriko dute martxan, matrikula irakargailuen bidez. Sistemak nola funtzionatuko duen zehazteke du oraindik udalak, eta horretarako zenbait bilera egiten ari da bizilagun, merkatari eta ostalariekin. Oinezkoentzat gune gehiago Era berean, oinezkoentzat gune gehiago egokituko ditu gaurtik aurrera. Bizkaia kalean ari dira egun lanean, zehazki, Zelai Ondoko biribilgunetik eta Santa Klara arteko bidean. Norabide aldaketak emango dira eta zati bat oinezkoentzat egokituko dute. Aitze eta Bizkaia kalea batzen diren lekuan ere trafikoa moztuko dute eta Araba kalera bideratu, gune horretan autoen joan etorria arintzeko. Horrez gain, bidegorri sarea osatzeko lanekin aurrera jarraitzeko asmoa dute eta baita peatonalizazioa zabaltzeko ere.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide