Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoa.
Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioa desegin egingo dute eta Azpeitiko Euskal Burdinbidearen Museoa EuskoTrenen esku egotera itzuliko da. Fundazioan Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak hartu dute parte, besteak beste. Fundazioaren azken batzarrean, Fundazioa desegin eta Azpeitiko tren museoa Euskotrenen esku uzteko erabakia hartu zuten. EuskoTrenetik UROLA KOSTAKO HITZA-ri jakinarazi diotenez, fundazioa sortu aurretik bezalaxe Azpeitiko museoa EuskoTrenen eskuetara pasatuko da eta museoaren zuzendaria EuskoTrenen zuzendaria izango da, hau da Iñigo Palomino. Hortik aurrerakorik ez dute argitu nahi izan EuskoTrenetik, "orain dena berregituratzeko eta antolatzeko lanean ari direlako ezin dugu gehiago azaldu". Dena den, museoak azpiegitura turistiko izaten segituko duela azaldu dute, "bertako jarduera sustatuko da, baina azkenaldian izan dituen gastu batzuk ekidinez".
Azpeitiko Udala erabakiaren kontra
Azpeitiko Udalak ere Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioan parte hartzen du, baina hartutako erabakiaren kontra dago. "Aurrena, Fundazioaren aurrekontua %70 jaitsi zuten eta ondoren ixtea erabaki. Baina, ez dute argitu orain zer gertatuko den Azpeitiko museoarekin", azaldu du Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak.
Azpeitiko Euskal Burdinbidearen Museoa 2011tik kudeatu du Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioak. Fundazioko zuzendaria Maitane Ostolaza zumaiar historialaria izan da. Azpeitiko museoa 1992an sortu eta 1994an ireki zen. Museoa ireki zenetik Fundazioa sortu zen arte Juanjo Olaizola historialariak zuzendu zuen eta EuskoTrenen esku egon zen kultur azpiegituraren kudeaketa.