Joan den asteburuko TKE ligako estropada bat (Argazkia: Juan Castanedo)
Emakumezkoek igande honetan hasiko dute arraun denboraldia. Gipuzkoako Ligako lehen norgehiagoka jokatuko dute egun horretan, Pasaian. Eskualdeko hiru ordezkarik hartuko dute parte bertan aurtengoan: Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. 11:00etan hasiko da lehia. Zazpi traineruk hartuko dute parte: eskualdekoez gain, San Juanek, Hibaikak, Hondarribik eta Bizkaiak (azken hau gonbidatu gisara).
Gizonezkoei dagokienez, TKE mailakoek larunbatean nahiz igandean izango dituzte estropadak. Galizia aldean jokatuko dituzte asteburuko banderak: larunbatean Sanxenxoko Bandera (18:00etan), eta igandean Moañako Bandera (12:00etan). Zumaiarrak eta oriotarrak ikusteko aukera izango da bertan. Sailkapenean hamaikagarrenak dira zumaiarrak, eta bigarrenak, berriz, oriotarrak.
KAE1ekoak, azkenik, igandean lehiatuko dira. Pasaiako Bandera jokatuko dute. 11:30ean itsasoratuko dira, Pasaian. Bertan izango dira Zarautz, Getaria eta Orio B.