«Baliabide gutxi izanda ere, txukun geratu zaigu lana»

Ane Olaizola 2013ko uztailaren 5a

Sudupe, Garnateo, Lizarazu eta Arrieta. Txikitatik aritu dira musikaren bueltan, eta urtetan jasotako ezagutzetatik abiatuta osatu dute Moonlight Melodies taldea Amaia Sudupe, Xabier Arrieta, Tomas Lizarazu eta Veronica Garnateo azkoitiarrek. Gaur aurkeztuko dute Oroitzapenak maketa, Matadeixen. Estilo askotako abestiak izen handiko musikarien bertsioekin uztartuko dituzte saioan, 23:00etatik aurrera. Sarrera hiru eurotan jarri dute. Zer biltzen du maketak? Xabier Arrieta: Guk sortutako zazpi abestik osatzen dute. Pixkanaka egin dugun lana izan da. Entseguak egiten ditugun lekuan grabatu ditugu abestiak, eta baliabide gutxirekin egin badugu ere, soinu aldetik txukun dago. Tomas Lizarazu: Ondorengo lan guztia gure erara egin dugu. Gure helburua da maketa ahalik eta jende gehienarengana iristea da, eta horregatik erabaki dugu gaurko kontzertura joaten direnei maketa oparitzea. Zein estilo jorratzen duzue? T.L.: Elkartu ginenean formatu akustikoa egiten hasi ginen. Taldera Veronika batu zenean pentsatu genuen aldaketa bat egin behar genuela, eta gitarra elektrikoa gehitu genuen. Ez dugu erreferentzia zehatzik abestiak sortzerako orduan. X.A: Oso zaila da estilo jakin bat zehaztea. Abestiak desberdinak dira, eta bakoitzak kutsu propioa du. Batzuk funky-ak dira, besteak rock and roll doinua dute... Amaia Sudupe: Bertsioak ere egiten ditugu, estilo askotakoak; besteak beste, Loquillo, Nirvana, Johnny Cash edota Oasisen bertsioak taularatzen ditugu. Taldean nola eramaten duzue aurrera sormen prozesua? T.L.: Normalean letrak nik idazten ditut, baina sormen prozesua desberdina izaten da aldiro. Letrei dagokienez, askotariko gaiak lantzen ditugu; batzuk kritikoagoak dira, eta beste batzuk ez dute mezu zuzenik. Bakoitzak interpreta dezala nahi duena. Askotan, entseatzen ari garenean bat-batekotasunaren eraginez sortzen ditugu beste abestietarako izan daitezkeen oinarriak. Noiz sortu zenuten taldea? A.S.: Istorio arraroa du sorrerak. Duela urtebete inguru ikasketa amaierako bidaia egiteko dirua behar genuen, eta Tomas eta biok elkartu ginen kontzertu bat emateko. Tomasek gitarra jo eta abestu egitenn zuen, eta nik baxua jo. T.L.: Ondo joan zen emanaldia, eta orduan erabaki genuen batera jarraitzea. Xabiri gurekin elkartzea proposatu genion, bagenituelako abesti batzuk. Errege Egunez jo genuen hirurok lehenengo kontzertua, Matadeixen. Orain gutxi, berriz, Veronica batu zaizue. X.A.: Veronica apirilean egin zuen bat taldearekin. Gaurkoa izango du lehenengo kontzertua. Matadeixen izango da aurkezpena. Zer espero duzue? T.L.: Jendea ikustera etortzea nahiko genuke. Aspaldian jo ditugun kontzertuetan ez dugu izan publiko askorik, baina justu horietan pasatu dugu ondoen. Bospasei kontzertu eman ditugu, gehienak lagunartekoak. X.A.: Egia esan, ez gaitu jende askok ezagutzen, baina maketa aurkeztu eta gero nahiko genuke gehiago zabaltzea. Ahoz ahokoak eta sare sozialek asko laguntzen digu horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide