Zarautz eta artea beste modu batera erakutsi eta partekatzeko erakusketa izango da ikusgai ostiral honetatik Sortaldea eremuan:
Tako Zarautz. Tako argazkilaritza eta euskal diseinu garaikidea bultzatzeko ekimena da. 20 zentimetro zabal, 20 luze eta 4 zentimetro lodi duten zurezko piezetan herriko zein eskualdeko txokoak inprimatuko dituzte, eta erakusgai jarri uda osoan. Sormen lan horiek erosteko aukera ere izango da, 30 euroan. Ostiralean inauguratuko dute erakusketa, 18:30ean. Pintxoak eta musika ez dira faltako, Marines disko-jartzaile zarauztarren eskutik.
Gorka Lasaren 'Molla 4' izeneko lana (Argazkia: Gorka Lasa)
Zamudioko Durero enpresak abiatu zuen Tako proiektua, hiru helbururekin. Batetik, bertako artistak promozionatzeko; bestetik, lekua edo erakustokia sustatzeko; eta azkenik, artelan txiki bat etxera eramateko aukera eskaintzeko, prezio baxuan.
Hori da, hain zuzen, Zarautzera ekarri duten erakusketa horren helburua: herriko zenbait argazkilariren lana ezagutaraztea. Bide batez, Sortaldea bera ere sustatzeko baliagarria izango da.
Hamahiru ikuspegi
13 argazkilari zarauztarren lanak ikusi ahalko dituzte bisitariek itsas pasealekuko gune horretan irailaren 15era bitartean. «Takok duen arte kontzeptua mantentzea erabaki dugu. Argazki solteak aukeratu beharrean, bilduma guztia izan dugu kontuan egileak aukeratzerakoan», jakinarazi du Gorka Lasa argazkilariak.
Aukeraketa egin ostean, Lasaren irudiez gain, Lore Agirrezabal, Abar Aranburu, Pablo Azkue, Gari Berasaluze, Saioa Cano, Iñaki Caperochipi, Fermin Etxeberria, Txema Fernandez, Aitor Juaristi, Iñigo Saiz, Ione Saizar eta Ramon Serrasen lanak erakustea erabaki dute, guztira 169 tako. Horietan Zarauzko zein Urola Kostako txokoak erakutsiko dituzte. Lasak berak olatuak eta itsasoa izan ditu oinarrian. Pablo Azkuek, berriz, surfaren inguruko irudiak aurkeztu ditu, Aitor Juaristik arraunari buruzkoak eta Iñaki Caperochipik Zumaiako
flysch-arenak. «Bakoitzak bere ikuspegi propioa aukeratu du
Tako Zarautzen erakusteko», dio Lasak.
Sormen lan bakoitzaren atzealdean argazkilarien izena eta beren webgunea izango dute txertatuta, eta horrek ere euren lana sustatzen lagundu. Argazkiko 500 kopia egingo dituzte, eta unean bertan erosi ahalko dira. Bestalde, ekimenaren webgunean ere jarriko dituzte salgai bihartik aurrera.