Azpeitiko Udalak herrian enplegua bultzatzeko, berrikuntzarako, dibertsifikaziorako eta ekintzailetasuna sustatzeko plana egin du. Era berean, plan horren baitan diru laguntzak eskatu eta jasotzeko arauak eta oinarriak zehaztu eta onartu ditu. Herenegun plenoan Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek hasierako onarpena eman zioten aho batez. Sustapen ekonomikorako planaren bidez, 350.000 euro bideratuko du udalak langabetu azpeitiarren kontratazioa bultzatzeko, lanerako guneak sortzeko (lokalak uzteko eta ekintzailetasun zentroa abian jartzeko), enpresa berriak sortzeko, edota ekonomia aktibitateak martxan jartzeko, eta herriko merkataritza sektorea eta lehen sektorea laguntzeko.
Iñaki Portilla eta Ainhoa Beristain zinegotziak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea Sindikatu Zaharrean, Ekintzailetasun zentroa izango denean (Nerea Uranga/Hitza)
Azpeitia egoera ekonomiko «oso txarrean» dagoela, eta herriko egoera gordina dela berretsi du Eneko Etxeberria alkateak, herriko ekonomia suspertzeko asmoz osatu eta onartu berri duten plana aurkezterakoan. «Bereziki gure herriko ekonomia eraikuntzan oinarritutakoa da. Altzarigintza egoera oso txarrean dago. Gipuzkoako eraikuntza enpresa garrantzitsuenetakoak ere herrian daude, eta hauen egoera ere txarra da. Eta altzairugintza jasaten ari dena ere jakinekoa da; Corrugados, kasu», azaldu du Etxeberriak.
Hain egoera gordinaren aurrean erakunde publikoek aktibitate ekonomikoa martxan jarri eta eragiteko «motorra» izan behar dutela uste du udalak. Aurtengo udal aurrekontuetan sustapen ekonomikorako 700.000 euro
baino gehiago aurreikusi du.
«Lehenengo aldia da Azpeitiko udalbatzar batean era honetako sustapen ekonomikorako plana onartu dena», nabarmendu du alkateak.
Aurrekontutik 700.000 euro
Aurrekontuan ekonomia sustatzera bideratutako 700.000 euroak hiru zatitan banatuko ditu
udalak: Iraurgi Lantzen, Ezagutza Gunea eta Loiola Berrikuntza garapen agentzietara 200.000
euro bideratuko ditu; 350.000 euro, berriz, herenegun udalbatzarrean onartutako sustapen planeko laguntzetarako bideratuko ditu; eta, gainontzeko dirua, 150.000 euro, hezkuntza eta formazio ikastaroetarako erabiliko du.
Azpeitiko Udala egiten ari den ahalegina kontuan hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. «Beste erakundeek egoera larri honi neurri bereko erantzuna eman beharko liokete. Udalak bere neurrian ahalegina egin dezake, baina diru gehiago duten erakundeek ere gure herriari laguntzeko ahalegina egin beharko lukete».
Laguntza emateko lau bide
Ekonomia sustatzeko aurtengo planak lau lerro landuko ditu laguntzak emateko garaian. Lehenengo lerroan, Gipuzkoako enpresei azpeitiar langabetuak lan kontratu mugagabearekin kontratatzeagatik diruz laguntzea aurreikusi du udalak.
Bigarren lerroan, Sindikatu Zaharrean Ekintzailetasun Zentroa martxan jarri eta proiektu berri bat abian ipini nahi dutenei udalaren lokalak uztea edota alokairuarekin laguntzea du xede udalak. «Lerro honek udalari bira estrategikoa ematea eragiten dio», azaldu du alkateak.
Autonomo bezala, enpresa bezala edota kooperatiba izaerarekin aktibitate ekonomiko berri bat abiatzen duten azpeitiarrak laguntzea ere jaso dute sustapen planaren hirugarren lerroan.
Planaren baitako laguntzen laugarren lerroan merkataritzako eta lehen sektoreko jardunak hartu dituzte kontutan. «BEZaren igoera eta krisia tarteko garai zailak bizi dituzte herriko merkatariek eta baserritarrek», argudiatu du alkateak.
Lau laguntza lerroak
- Langabetuak kontratatzeagatik laguntza: Enplegu txekea. Gipuzkoako enpresek azpeitiar langabetuak kontratatzeagatik diru laguntza jasoko dute. Lan kontratuak mugagabea izan beharko du. Diru kopuru batzuk ere aurreikusi dituzte behin-behinekoz: lanaldi osoko kontratua eginez gero 1.800 euro emango dizkio udalak enpresari eta kontratua lanaldi erdikoa balitz 900 euro. «Irizpide hori berrikusi beharra daukagu, eskaera asko egonez gero laguntza proportzionalki banatu beharko baitu udalak», azaldu du alkateak.
- Ekintzailetasun zentroa eta proiektu berriak martxan jartzeko lokalak uztea. Ekintzailetasun zentroa zabalduko dute Sindikatu Zaharraren azkenengo solairuan. «Norbaitek ideia bat eduki eta garatu nahi badu han tokia edukiko du: bilera gela, beharrezko teknologia eta laguntzarekin». Horrez gain, udalaren lokalak proiektu berriak abian jartzeko eskura jarriko dituzte, «hitzarmen bat sinatu eta proiektu berriak martxan jartzeko utzi egingo ditugu». Horrez gain, aktibitatea Azpeitian martxan jartzen dutenei alokairurako laguntza eskainiko die udalak.
- Enpresa berriak sortzea. Ekintzailetasuna. Kasu honetan, batik bat ekonomia soziala bultzatuko dute. Laguntza kopurua eskaeraren araberakoa izango da, baina printzipioz honakoak aurreikusi dituzte:
- Autonomo edota denda bat martxan jartzeagatik edota enpresa bat sortzeagatik 2.500 euroko laguntza jaso ahalko da.
- Kooperatiba bat sortu eta martxan jartzeagatik 5.000 euro.
- Proiektu berritzaileak edota estrategikoak abian jarri eta lanpostuak sortzeagatik ere 5.000 euroko laguntza aurreikusi dute.
- Merkataritzarako eta baserritarrentzako laguntza berezia. Ordezkapenak egiteko-edo langileak hiru edota sei hilabetarako kontratatzeagatik diru laguntzak jaso ahal izango dituzte merkatariek edota lehen sektorekoek. Azokak-eta sustatzeko laguntza ematea erabaki du udalak eta alde zaharrean ekonomia aktibitateren bat zabaltzen dutenei ere alokairuarekin lagundu egingo die udalak. Hiru hilabeteko lanaldi osoko kontratua egiteagatik 600 euro aurreikusi dute eta lanaldi erdirako kontratuen kasuan 300 euro. Sei hilabetetik gora 1.200 euro eta 600 euro.
Eskaera non egin
Sustapen planak 2013 urte osoa hartuko du kontuan. Sustapen planeko laguntzaren bat jaso nahi dutenek eskaera Azpeitiko Udalean, Azpeitia Lantzenen (Sindikatu Zaharrean dago), Iraurgi Lantzenen edota Loiola Berrikuntzan egin dezakete.