Ate joka dira San Kristobal festak

Ane Olaizola 2013ko uzt. 4a, 04:00

San Kristobal Egunean hamaiketakoa egingo dute Narruondon. (Aritz Mutiozabal/Hitza) Sankristobaletako egitaraua AIZARNAZABAL. ZEHATZ AUZOA Uztailak 6, larunbata. - 20:00etan, txupinazoa. - 23:00etan, erromeria Izer eta Alabierrekin. - Amaitzean, baratxuri zopa. Uztailak 7, igandea. - 12:00etan, Hitzaren liturgia auzoko ermitan. - Ondoren, txikiteoa, Ansorregi eta Narbaiza trikitilariek girotuta. - 18:00etan, herri kirol jaialdia: harri jasotzen Joxe Ramon eta Jesus Mari Iruretagoiena, eta aizkoran Fausto Mugerza eta Luis Txapartegi. - Jarraian, Ansorregi eta Narbaizarekin erromeria. Uztailak 10, asteazkena. San Kristobal Eguna. - 12:00etan, meza nagusia auzoko ermitan. - Ondoren, autoen bedeinkapena. - Eguerdian, Aritz eta Irati trikitilariak. - 22:30ean erromeria Aztiazaran II.a eta Izerrekin. ZESTOA-ZUMAIA. NARRUONDO AUZOA Uztailak 5, bihar. - 20:00etan, suziriak. - 22:00etan, mus eta eskoba txapelketak. Uztailak 6, larunbata. - 17:00etan, umeentzako jolasak eta txokolatada. - 21:00etan, bertso afaria Lizaso eta Egañarekin. - Ondoren, erromeria Imuntzo eta Beloki trikitilariekin. Uztailak 7, igandea. - 11:30ean, Gijarroren astoa eta Orioko neska-mutilen giza proba erakustaldia. -Ondoren, zikiro dastaketa. - 18:00etan, Gorriti bere animaliekin. - Jarraian, herri kirolak eta Fausto Mugerzari omenaldia,  festa batzordearen eskutik Uztailak 10, asteazkena. San Kristobal Eguna. - 10:00etan, suziriak. - 10:30ean, Zestoako Idiakaitz txistulari taldea. - 11:00etan, meza. - Gero, hamaiketakoa auzoko jubilatuentzat. Eskualdean udan festak ez du etenik, eta oraingoan Aizarnazabalgo Zehatz auzoak eta Zumaia eta Zestoako Narruondok hartuko dute lekukoa. Sankristobalak ospatuko dituzte bi auzoetan, eta egunik garrantzitsuena hurrengo asteazkena izango badute ere, asteburuan hamaika ekimen izango dute auzotarrek. Narruondoko Festa Batzordeak aurreko urteetako antzeko egitaraua prestatu du, baina izango da berrikuntzaren bat edo beste. Lehenengo aldiz, gizon-emakume probak ikusteko aukera izango da auzoan, Orioko taldearen eskutik. Zaleek igandean izango dute hitzordua, eta gizonezkoek eta emakumezkoek eskainiko dute harriarekin ikuskizuna. Era berean, Gijarroren astoak ere eskainiko du erakustaldia. Ondoren, zikiro dastaketa izango dute estrainekoz. Egun horretan bertan, gainera, Fausto Mugerza aizkolaria omenduko dute. Biharko txupinazoarekin hasiko dituzte festak Naurrondon, eta ondoren mus eta eskoba txapelketak jokatuko dituzte. Musean jokatu nahi duten bikoteek 25 euro ordaindu beharko dute izena ematerakoan, eta sariak honakoak izango dira: lehenengo bikoteak txapela eta 150 euro jasoko ditu, eta ondorengo hiru bikoteek saria eta 120 euro, 90 euro eta 60 euro irabaziko dituzte, hurrenez hurren. Auzoko lehenengoarentzat ere izango da saria. Eskoba txapelketan izena ematen duen bakoitzak, berriz, zazpi euro ordaindu beharko du, eta irabazleak txapela eskuratuko du. Etzi jarraituko du festak, umeentzako jolasekin eta txokolatadarekin. Antolatzaileek adierazi dutenez, aintzinako jolasak egingo dituzte, eta umeei bizikletak eramateko eskatu diete. Gauean bertso afaria egingo dute Sebastian Lizasorekin eta Andoni Egañarekin, eta parte hartzeko ohiko lekuetan edo 648-828 298 telefonora deituta eman daiteke izena, 25 euroren truke. Zizka-mizkak, bakailaoa, saiheskiak entsaladarekin, postrea, kafea, kopa eta puruak osatuko dute menua. Aizarnazabalen festa bikoitza Aizarnazabalgo Zehatz auzoan ere antzeko giroa ikusi ahal izango da asteburutik aurrera. Han ere erromeriak eta kirol erakustaldiak izango dira nagusi. Igande arratsaldean izango da herri kirol jaialdia, eta bertan izango dira Joxe Ramon eta Jesus Mari Iruretagoiena, Izeta anaiak, harriak jasotzen, eta Fausto Mugertza eta Luis Txapartegi aizkoran. Sankristobalez gain, ordea, aizarnazabaldarrek izango dute zer ospaturik larunbatean. Zubialdeko Eguna izango da, eta egun osoko egitaraua izango da gozagarri. Egunean zehar herriko bertsolariek eta trikitilariek girotuko dute auzoa, eta 13:00etan, herri kirol emanaldia izango da. Jesus Mari Iruretagoiena Izeta harri-jasotzaileak eta Xabier Bergara eta Esteban Zumeta aizkolariek hartuko dute parte. Herri bazkaria izango da 14:00etatik aurrera. Bertara joateko izena emateko epea atzo amaitu zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide