«Iraurgi SB saskibaloiko Espainiako Zilarrezko LEB Ligari agur esateko puntuan dago», azaldu zuten herenegun Iraurgi Saskibaloikoek. Datorren denboraldian maila horretan segitzeko zailtasun ekonomikoak dituela azaldu du klubak, babesle bat azaldu ezean. Saskibaloi klubari krisi ekonomikoak bete-betean eragin dio. «Klubak ere gertutik bizi ditu bailarako arazo ekonomikoak, horrek babesleak lortzeko zailtasunak eragin ditu. Horri, gainera, erakundeetatik jasotako laguntzetan izandako murrizketak gehitu behar dizkiogu», azaldu dute Iraurgi SBkoek.
Espainiako saskibaloiko Zilarrezko LEB Ligan izena emateko astebeteko gelditzen da. Nahiz eta klubaren asmoa maila horri eustea izan, Espainiako Saskibaloi Federazioak liga horretarako eskatzen dituen «diru bermeei» aurre egiteko modurik ez du klubak. «Datozen hamar egunetan babesle garrantzitsu bat aurkitzen ez badugu, maila gorenean jokatzen jarraitzeko ametsari agur esan beharko diogu».
Espainiako saskibaloiko hirugarren mailan aritu da Iraurgiko gizonezkoen lehen taldea azkenengo hiru denboraldietan; aurreneko denboraldian justu-justu mantentzea lortu zuen, baina azken bi denboraldietan Urrezko LEBera igotzeko fasea jokatu du.
Ligari uko egitea, «gogorra»
Zilarrezko LEB Ligari agur esatea «gogorra» dela gaineratu du saskibaloi taldeak. «Iraurgi SBk 2004-2005 denboraldian EBA Ligara igotzea lortu zuenetik lortutako sari denak alde batera uztea esan nahiko baitu». Urtero-urtero klubeko lehen taldea emaitza hobeak lortu ditu, «Espainiako bigarren mailara igotzeko play off-ak jokatzen amaitu arte, eta, hala, Gipuzkoako bigarren eta Euskadiko laugarren talde garrantzitsuena bihurtuz».
Iraurgik saskibaloiko harrobia lantzen duela nabarmendu dute kideek, eta 300 neska-mutil ari direla klubean jokatzen. «Horren adibidea da Iraurgiko hainbat jokalarik Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako selekzioetako elastikoak jantzi, eta Euskadi mailan harrobiko taldeek zenbait titulu irabaztea». Maila gorenean jokatzeko aukerari uko egiteak harrobian ari direnengan ere eragingo duela nabarmendu dute klubeko ordezkariek. «Harrobiko lan hori guztia zaildu egiten da haurrek erreferente bat identifikazten ez baldin badute. Azken urteetan harrobiko 25 taldek saskibaloi munduan beren bidea zabaldu nahi duten gipuzkoar gazteen artean bizitzeko aukera eduki dute, eta, hala, saskibaloiko erreferenteak ondo-ondoan izan dituzte».
Oztopoak oztopo eta zailtasunak zailtasun,
Iraurgi SB klubak Gipuzkoako saskibaloia sustatzen eta kirol hori hazten joateko lanean segituko duela nabarmendu du.