Zumaiako Natur Taldeak eta Udalak Santiagoko hondartzako landare inbaditzaileak kentzeko auzolana antolatu dute larunbat honetarako, uztailak 6, 10:00etan. Ekintzan parte hartzeko ez dago izena eman beharrik nahikoa da, bertara azaltzea.
Gipuzkoako kostaldearen eremurik handiena itsaslabarrek osatzen dute eta oso eremu txikia geratzen da kostaldeko duna-sistemak sortzeko. Gainera, duna-sistema gehienak giza ekintzaren ondorioz desagertu egin dira, eta hori dela eta, mantentzen direnak kontserbatzea beharrezkoa da.
Santiagoko hondartza Gipuzkoan mantentzen den duna bakarrenetarikoa da baina zoritxarrez hainbat mehatxu pairatzen ditu. Horietako bat landare exotiko inbaditzaileen presentzia da. Espezie hauen artean Oenothera aurkitzen da, Santiagoko dunan geroz eta gehiago hedatzen ari dena. Mehatxu hau ikusirik, azken urteetan Zumaiako Udala, Zumaiako Natur Taldea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Saila, landare hau ezabatzeko helburuarekin lanean ari dira.
Larunbatean duna mehatxatzen duten landare exotikoak ezabatzeko auzolana egingo da. Hondartza ondoko aparkalekuan elkartu eta gero, landareak kentzera abiatuko dira. Lan hauek herritarrek egingo dituzte. Adin guztiko jendearentzat prestaturiko ekimena da. Zumaiako Udalak jarriko du beharrezkoa den materiala.