Xabier Makazaga: "Oso sakon sentitu izan dut tortura, obsesio bihurtzeraino"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko uztailaren 3a

Urte asko egin ditu Xabier Makazagak (Zarautz, 1958) sasian. Torturatuko zuten beldurrez, Frantzian egin zituen 20 urte, horietatik 10 kartzelan. Orduan idatzi zuen Sasian barna, baina hamar urte geroago argitaratu du. HITZA-ri azaldu dio zergatia. Sasian barna da zure azken lana. Eta beste genero bat landu duzu horrekin: eleberria. Zergatik aldaketa hori? Aurrez saiakerak idatzi izan ditut torturari buruz. Ni berez teknikoagoa naiz; hezkuntza aldetik ingeniaria naiz eta beti izan dut joera gauza teorikoak kontatzeko, zenbakiez baliatuz eta. Literatura ez da nirea, saiakeran aurkitzen dut nere burua erosoen. Horrez gain, euskaraz idatzi duzun lehenbiziko lana duzu honakoa. Ikerketa lan horiek gaztelaniaz egin ditut, zoritxarrez euskaldunok askoz ere jantziago gaudelako  gai horietan, eta kanpora begira idatzi nahi nuelako, egoera ezagutarazteko. Baina nik euskarari izugarrizko garrantzia ematen diot, eta hau behintzat euskaraz egitea erabaki dut. Zer kontatu nahi izan duzu liburu horrekin? Sasian barna aspaldi idatzi nuen; 1996an, kartzelan nengoela. Garai hartan literatura murgilduagoa nengoen, asko irakurtzeko aukera izan nuen. Testigantza jakin bat jaso nahi nuen. Izan ere, kezkatuta nengoen ETAri buruz esaten ziren tontakeriek errealitatea zeharo desitxuratzen zutelako. Hainbat jendek gaiztakeriaz kontatzen zituen gezur asko, baina beste hainbatek ezjakintasun hutsez. Gauzak errealitatean nola diren ezagutzen ez baduzu, nola kontatu? Guk ere gure errealitea ez badugu kontatzen, nola ezagutuko du jendeak? Helburu horrekin idatzi nuen. Hortaz, etakide batek Espainian zehar bospasei hilabetean egindako bidaia oinarri hartuta,   benetan gertatu ziren gauzak eta guztiz fikziozkoak uztartu eta eleberri bat eraiki nuen kapituluz kapitulu. Espero dut baliagarria izango dela. Zergatik erabaki zenuen iaz argitaratzea? Orduan ez genituen gure barneko gauzak kontatzen, kontatu beharrekoak gerra bukatzen zenean kontatuko genituela esaten genuen. Gerra bukatu arte hobe zen ez hitz egitea, arriskutsua baitzen. Nik arrisku hori ikusten nuen, baina, aldi berean, errealitate hori islatzeko beharra zegoela banekien, fikzioa baliatuz behinik behin. Hala, nire kasara liburua idatzi eta kartzelako lagunei erakutsi nien. Txakurrei inongo pistarik eman gabe idatzi nuela esan nien. Hala ere, oso zaila da halako gauzei argi berdea ematea, atea zabaltzea oso arriskutsua izan baitaiteke: badakizu non hasten den, baina ez dakizu non buka dezakeen. Hortaz, proiektua bertan behera uztea erabaki nuen. Hala, hamasei urteren buruan argitaratu dut ikusi dudalako oraindik ere ez dela errealitate hori behar bezain beste islatzen ari. Urteak joan eta urteak etorri, errealitatearen bertsio bakarra inposatzen ari dira, eta, nire ustez, garrantzitsua da azaltzea etakideek bere garaian nola bizi zuten egoera. Iruditu zait bazuela bere balioa testigantza moduan. Bide batez, ni baino gaitasun literario handiagoa dutenak gai horiek lantzera bultzatzeko baliatu nahi dut lan hau. Oraindik ere, ETAk borroka armatua bertan behera uztea erabaki duenean ere, testigantza horiek eta errealitate hori islatzea falta da. Uste dut iritsi dela eguna horretan sakontzeko. Ezin dugu utzi  urteak pasatzen. Aurrez dokumentazio lan handia egin duzu errealitate hori  islatzeko, ezta? Torturadores & cia izan zen nire lehenbiziko saiakera. 2008an idatzi nuen, eta bertan torturaren engranaje guztiak azaldu nituen.  Gero, 1978tik 2008ra bitarteko errealitateaz idazteko eskatu zidan Txalapartak. La red. El tormento de la España constitucional idatzi nuen, hala, urte berean. Urtez urte egindako azterketa izan zen hori. 2009an, berriz, El manual del torturador español kaleratu nuen argitaletxe berarekin. Egia esan, lan horiekin askoz ere erosoago sentitu naiz, ikerketa eta datu bilketa lana izan delako. Lehena eta azkena sarean daude eskuragarri, doan. Torturak eragin handia izan du zugan, beraz. Niretzat obsesioa izan da.Oso sakon sentitzen dut, eta Bruselan baldin banago, hain zuzen horregatik da. Ikara handia izan diot beti torturari eta horrek dakarrenari. Kale izkinan tiro bat emateak ez zidan ematen hainbesteko beldurra; hori onartuta nuen. Joxean Lasa eta Joxi Zabalari geratutakoak—1983an bahitu eta torturatuta hil zituen GALek– ematen zidan niri izua; bizirik harrapatu eta gero gertatuko zitzaidanak, hain zuzen. Nolakoa izan da zure bizitza Bruselara iritsi zinen arte? 1981ean, 22 urte nituenean errefuxiatu nintzen, harrapatu eta torturatuko ninduten beldurrez. Iparraldera joan nintzen, banekielako frantsesek ez zutela halako mekanismorik erabiliko. Hogei urtez egon nintzen Frantzian, horietatik hamar kartzelan. Eta espetxean egindako azken urteak borroka bizian egin nituen. 1994etik aurrera hasi ziren Frantzian  zigorra bete eta estradiziorik ez genuenak  kanporatu eta  torturatu egiten gintuzten behin Espainiako mugara iritsita. Orduan horrelakorik gerta ez zedin borrokatzen hasi ginen. Nik ez nuen inongo estradizio eskaerarik, eta banekien mugan Guardia Zibila izango nituela ni txikitzeko zain. Zorionez,  barruan zein kanpoan egin zen borroka horri esker, lortu zen 2000.urtetik geroztik kanporatzen gintuztenak lehen unean ez torturatzea. Inork ezin zuen, ordea, gerora torturarik ez zela egongo bermatzerik. 2001. urtean bete nuen bigarren zigorra, eta kanporatu egin ninduten. Bi urtez bizi izan nintzen Zarautzen, baina beti nire bila etorri eta torturatuko ninduten ikararekin. Torturaren okerrena ez da zeure buruaren kontra eman ditzakezun frogak; okerrena da behartuko zaituztela beste jende bat salatzera eta haien bizitza izorratzera. Nik ezin nuen hala bizi, eta Bruselara joatea erabaki nuen 2003an. Orduan hasi nintzen torturaren gaia ikertzen. Ordurako dagoeneko hausnarketa sakona egina nuen. Tortura oso gauza zientifiko eta metodikoa da. Ez da zoro batzuen kontua; etsaiarentzat tresna oso eraginkorra da nahi duena lortzeko. Egiazko informazioa lortzeaz gain, eurentzat oso baliagarria den informazio faltsua ere eskuratzen baitute. Horregatik da hain zaila bertan behera uztea. Egoera aldatu egin dela uste al duzu? Duela urtebete-edo aurrerantzean geroz eta tortura gutxiago egongo zela esan nion neroni. Hori baliatzen duten estatuei onura baino kalte gehiago eragin diezaielako. Hori dela eta, nik ere egun beldur gutxiago sentitzen dut. Estatuek tortura erabili behar izan dutenean, beti erabili dute. Baina nola justifikatu hori nazioartean?  Bada, arazo bati aurre egiteko bide bakarra torturatzea dela esanaz. Estatuek arazo larriren bat dutenean edozer gauzari heltzen diote konponbidea bilatzeko. Gaur egun geroz eta gutxiago, baina egin egiten dute. Ikusi besterik ez dago Ameriketako Estatu Batuen jarrera: tortura erabiltzen dute eta hori egin izana ukatzen dute gerora. Espainiarrek ere borroka armatuak iraun bitartean erraz saldu zezaketen arazo larria zutela eta torturatzea beharrezkoa zutela informazioa lortzeko. Gerrak irabazteko modu eraginkorrena informazio lortzea da. Eta estatu baten informazio iturri nagusia tortura da. Orain arazoa bukatu da, dagoeneko ezin diote argudio horri heldu. Horregatik konbentzituta nago geroz eta gutxiago baliatuko dutela tortura. Beste gaiak landuko al dituzu aurrerantzean? Proiekturik ba al daukazu aurreikusita? Orain erabaki dut torturaz harago, estatu terrorismoa orokorrean ere ikertzea. Euskal Herriaren kontra Espainiako Estatuaren terrorismoa, Frantziakoarena eta elkarrekin egindakoa lantzea. Hain zuzen, horri buruzko liburu bat prestatzen ari naiz. Atal bat torturari eskainiko diot, baina horrez gain, gerra zikina  eta beste hainbat gai kontatu ditut. Adierazgarria da, gainera,  atal guztiek duten lotura dutela eta nola pertsona ber-berek eramaten dituzten horiek aurrera. Eta alderdi pertsonalean? Nire neskalagunak, Elkek erretiroa hartzen duenean Zumaiara bizitzera joateko proiektua daukagu.  Zazpi urteren inguruan hori egiteko moduan izango garela espero dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide