Oinatz elkarte animalistako hainbat kide erakusketa jarri berritan (Nerea Uranga)
Saninazioak datozela eta, zezenketen gainean hizketan jarri nahi ditu herritarrak Oinatz Elkarte Animalistak. Horretarako, atzo zezenketen kontrako arrazoiak bilduz eta irudikatuz erakusketa zabaldu zuten kideek Sanagustin kulturgunean. Kartelekin, irudiekin eta bideoekin osatu dute, eta uztailaren 15a bitartean egongo da ikusgai.
Erakusketaren helburua herritarren artean zezenketen inguruko eztabaida sortzea da. «Zezenketen gainean alde batekoek zein bestekoek erabili ohi dituzten arrazoiak agerira jarri nahi ditugu. Batik bat zezenketa zaleek erabiltzen dituzten arrazoiei buelta eman, eta beste aldea erakustea edo arrazoitzea da gure asmoa. Horrez gain, erakusketaren bidez jendea biktimaren edo zezenaren lekuan jarri, eta zezenketak beste ikuspegi batetik ikustarazi nahi dugu».
Herrian zezenketen inguruan eztabaidatzea «garrantzitsua» da Oinatz elkartekoentzako. «Zezenketa zaleak harro azaltzen dira alde, baina badirudi kontra dagoenak ez duela adierazten. Ondorioz, ez da eztabaida sortzen zergatik zezenketak bai eta zergatik ez. Badirudi herri honetan jendeari asko kostatzen zaiola kontra azaltzea», diote elkartekoek.
Sanagustin kulturgunean erakusketa jartzeko aukera izan dutelako gustura daude Oinatz elkartekoak. «Taberna dauka ondoan, eta jendearen artean eztabaida sortzeko toki egokia izan daiteke. Jendeak gaiaz hitz egitea da lortu nahi duguna».
Erakusketa osatzeko aurretik azaldu nahi dituzten arrazoien zerrenda bat egin eta ondoren informazio bildu dute, «gure ikuspegia argumentatzeko». Testuak irudiekin osatuta jarri dituzte kulturgunean.
Eskubideez galdeketarik ez
Oinatz elkartekoek Azpeitian zezenketen inguruko herri galdeketa egiteko eskatzeko asmorik ez dute, «momentuz». Baina Azpeitiko Udalari zezenketen inguruan «posizionatzea» eskatu diote. «Zezenketen inguruko galdeketaz-eta hitz egin izan dugu jendearekin. Debekatzea ez dela bidea izaten da askotan ondorioa. Gure ustez zezenketena ez da galdeketa egiteko kontu bat. Animaliek eskubide batzuk dituzte, eta eskubideak direnean ez dira galdetzen, beste gauza batzuk galdetzen ez diren bezalaxe». Baina udalak zezenketen inguruan «posizionatu» egin beharko lukeela uste dute Oinatzekoek. «Momentuz ez dugu lortu posizionamendu hori».
Aurrera begirako asmoak
Ireki berri duten erakusketaz gain, aurrera begira animaliekin lotuta beste ekitaldi batzuk ere egin nahi dituzte Oinatz elkartekoek.
Herrian kaleko katuak direla medio sortu diren arazoen inguruko hitzaldi bat antolatu nahi dute udazkenean. «Zezenketen kontuarekin segiko dugu, baina aurrerago kaleko katuen gaia bereziki landu nahi dugu. Azpeitian katuekin arazoa dago. Jendeak edozer ematen die jaten, eta ondorioz sortzen den zikinkeriagatik hainbat lagun kexatu da». Kalean utzitako txakurren gaia ere plazaratu nahi dute Oinatz elkarte animalistakoek: «Gai hori nola landu aztertu beharra daukagu».