Botikak berrordaintzeko sistema salatu dute jubilatu eta pentsiodunek

Ane Olaizola 2013ko uztailaren 2a

Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban martxan da botiken berrordainketa sistema. Astelehenaz geroztik herritar gehienek gehiago ordaindu behar dute sendagaiengatik, eta Espainiako Gobernuaren 16/2012 Errege Lege Dekretuaren eraginez. Legeak Gipuzkoako pentsiodunak eta jubilatuak haserrarazi ditu, batez ere haiei eragingo dielako sistema berriak. [caption id="attachment_69250" align="aligncenter" width="300"]Duintasuna elkarteak deituta, herritar ugarik egin dute elkarretaratzea gaur goizean (Ane Olaizola/Hitza) Duintasuna elkarteak deituta, herritar ugarik egin dute elkarretaratzea gaur goizean (Ane Olaizola/Hitza)[/caption] Botiken berrordainketa salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur goizean dozenaka lagunek Azpeitian, Duintasunak, Gipuzkoako Jubilatuen eta Pentsiodunen elkarteak deituta. Kopagoari ez! Gure osasuna defenda dezagun! lema eskuartean, eta «berrordainketa lapurreta da!» oihuak ahoan, udaletxeko arkupetan bildu direnek gogor gaitzetsi dute sistema eta hark sor ditzakeen ondorioak, eta auziari irtenbidea emateko fiskalizazio eredua aldatzea proposatu dute. Izan ere, elkarteko kide Joxe Mari Agirresaroberen ustez, errenta maila baxuena dutenek eta emakumeak izango dituzte sistema berriaren «kalte larrienak». «Lehenagotik zigortuena dagoen kolektiboa gehiago estutuko dute». Dekretua ezarri aurretik zergen bidez ordaintzen ziren botikak, eta aurrerantzean berriro ordaintzea «bidegabekeria» dela azpimarratu du Agirresarobek. «Gure lan urteetan hori guztia ordainduta daukagu». Orain, berriz, farmazian bertan botikaren prezioaren %10 ordaindu beharko dute herritarrek. Hilabeteko gehienezko mugak ezarri dituzte, eta ordaindu beharrekoa bakoitzaren errentak zehaztuko du. Urtean 18.000 eurotik behera jasotzen duten pentsiodunek, 18.000 eurotik 100.000 eurora bitartean jasotzen dutenek eta handik gorakoek gehienez  8,14 euro, 18 euro eta 61,08 euro ordainduko dute gehienez hilero, hurrenez hurren. Salbuespenak egongo dira, eta sindrome toxikoa edota ezintasuna dutenek, gizarteratze errentak edo kotizazio gabeko pentsioak jasotzen dituztenek edota langabezia saria jasotzeko eskubidea galdu duten langabeek ez dute botiken truke ordainduko. Agirresaroberen arabera, ordea, EAEko pentsiodunen %67k hilean 700 eurotik behera jasotzen dute, eta 35.000 pertsonak 400 euro baino gutxiago jasotzen du. Asko emakumeak dira. Horrez gain, Administrazioak 417 botika finantzatzeari utzi diola salatu dute. Beraz, sendagai horien prezio osoa ordaindu behar izatea «oso larritzat» jo dute. «Pentsiodunei gehien eragiten dieten botikak dira errezeta sistematik atera dituztenak». Urtebete atzeratuta jarri da indarrean berrordainketa, eta elkarteak Jaurlaritzaren jarrera salatu du. «Orain artekoarekin segi ahal izateko dirua badagoela dio Jaurlaritzak, baina agindutakoa betetzea lotsagabekeria da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide