Arrantza tradizioa eta ondarea ezagutaraziko dute Orioko Bisiguaren Festan

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uztailaren 2a

Gaur eguerdian Donostian egin duten aurkezpeneko irudi bat (Aiora Larrañaga/Hitza) Egitaraua: Uztailaren 15a, astelehena
  • 19:00etan. Oria ibaiko ontzigintza tradizioa gaia hizpide izango du Xabier Alberdik, Salatxo aretoan.
Uztailaren 17a, asteazkena
  • 19:00etan. Arrantza ondarea eta arrantza azokak mahai ingurua. Arrantza Saileko zuzendari Leandro Azkue, Bermeoko Udaleko Turismo teknikari Begoña Gangoiti eta Ibon Gaztañazpi kazetari oriotarra.
Uztailaren 18a, osteguna
  • 21:00etan. Bisigu Egunaren aurkezpen ekitaldia egingo dute. Harribil Dantza Taldeak eta Egunsentia Otxoteak parte hartuko dute.
  • Jarraian. Pintxo-txikiteoa aurkeztuko dute. Taberna bakoitzak bere pintxoa aurkeztuko du. Jaiak iraun bitartean pintxoak dastatzeko aukera izango da zirkuituan parte hartu duten tabernetan.
  • Ordu berean. Sagardoa dastatzeko aukera izango da plazan.
  • 21:00etan. Afaria.
Uztailaren 19a, ostirala
  • 19:00etan. Sagardo dastaketa egingo dute.
  • 21:00etan. Afaria.
Uztailaren 20a, larunbata
  • 11:00etan. Arrain Lehiaketa egingo dute plazan. Zenbat arrain ezagutzen dituzu?
  • 11:00etan. Arrantza tailerrak antolatu dituzte haurrentzat.
  • 11:00etan. Sagardo dastaketa egingo dute Orioko plazan.
  • 12:00etan. Mini autoen erakustaldia izango da Ikastola ondoko plazan.
  • 12:00etan. marmitako jana egingo dute.
  • 12:00etan. KAE1 Ligako Bisiguaren VI Bandera estropada jokatuko dute.
  • 14:00etan. Otordua.
  • 18:00etan. Julio Aranburu Xapatero soka saltoan errekorra egiten saiatuko da.
  • 19:00etan. Orioko elkarte gastronomikoen arteko Bisigu Lehiaketa egingo da plazan.
  • 19:00etan. Sagardo dastaketa izango da plazan.
  • 21:00etan. Otordua.
Uztailaren 21a, igandea
  • 12:00etan. Sagardo dastaketa izango da plazan.
  • 12:00etan. Orioko Kanpina Bandera jokatuko da. Euskotren eta San Miguel ligetarako puntuagarria izango da.
  • 14:00etan. Otordua.
  Oriotarrentzat eta bisitarientzat galdu ezineko hitzordua bihurtu da urtez urte Bisiguaren Festa. Aurtengoa seigarren edizioa izango da. Uztailaren 18tik 21era izango da, eta berrikuntzak izango direla jakinarazi du Orioko alkate Beñat Solaberrietak. «Aurreko edizioetan gastronomia eta ostalaritza mailako helburuak nota onarekin bete ditugu. Aurtengoan, ordea, urrats bat aurrera egingo dugu, eta arrantza tradizioa eta arrantza ondarea oriotarrei eta bisitariei transmititzen saiatuko gara. Izan ere, Orio herri arrantzalea izanda, arrantzarekin inguruko kulturak berebiziko garrantzia du Orioren izaeran». Ildo horretatik, gastronomiarekin erlazionatutako ekimenez gain, hitzaldiak eta mahai inguruak ere antolatu dituzte. Bestalde, bisiguari dagokionean aurtengoan menua «zertxobait garestitu behar» izan dutela azaldu du Solaberrietak. «Gure helburua bisigua prezio erakargarrian jateko aukera ematea izan da». Dena dela, lehen aldiz prezioa 45 eurotatik 50 eurotara igo dute. «Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailak arrantza azoketarako bideratzen duen aurrekontua murriztu egin du». Aurten Bisiguaren Festa antolatzeko 5.000 euroko laguntza jasoko du Orioko Udalak, lehen jasotzen zuenaren bostena. «Ondorioz, jaialdiaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko menuaren prezioa igo behar izan dugu. Edozein kasutan, kalitate-prezio oreka mantentzen jarraituko dugu». Arrantza mundua gizarteratuz Krisi ekonomikoaren ondorioz diru laguntza murriztu badute, Eusko Jaurlaritzako Arrantza Saileko zuzendari Leandro Azkue oriotarrak Bisiguaren Festa moduko ekimenek duten garrantzia nabarmendu du. «Arrain azokek, gastronomiaz harago, arrantza mundua gizarteratzen laguntzen dute». Horregatik, Eusko Jaurlaritzak Orioko Bisiguaren Festarekin batera, Mutrikuko Berdel Eguna, Ondarroako eta Getariako antxoa egunak edota Zumaiako Olarro Eguna ere diruz laguntzen ditu, besteak beste. «Urtero 300.000 pertsona joaten dira halako azoketara, arrantza sektorean lanean jarduten diren langileen lana aitortzera», adierazi du Azkuek. «Festa borobila» Orio estilora prestatutako arraina ezaguna da Euskal Herrian, baita Espainian eta Herrialde Kataletan ere. «Kanpora joan eta jatetxeetan Orio estilora prestatutako arraina eskaintzen dutela ikusten dudanean oso harro sentitzen naiz. Berezitasuna bisigua erretzeko moduan dago. Orion ez dugu besugerarik erabiltzen bisiguak zabaldu eta parrilara botatzen ditugu. Azalak zapore berezia hartzen du horrela», azaldu du Joxe Miel Zendoiak, Katxiña erretegiko parrileroak. Bisiguaren Festan Joxe Miel Zendoiak, Luis Mari Urangak eta Mikel Manterolak 500 bisigu prestatuko dituzte Orio estilora. Bost platerez osatutakoa izango da menua: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, bisigua parrillan eta postrea. Menuaren barruan sartuko dira edaria eta kafea. Otorduez gain, Bisiguaren Festa osatzeko egitarau zabala antolatu du aurten Orioko Udalak. Marmitako, hegaluze edota sagardo dastaketez gain, estropadak, hitzaldiak eta haurrei zuzendutako saioak izango dira lau egunetan. Orioko Udalak mila lagunentzat txartelak jarri ditu salgai, eta erreserbak egiteko epea ireki du jada. Uztailaren 18tik 21era bitartean Orio estilora prestatutako bisigua dastatu nahi duten oriotarrek eta bisitariek 943-83 09 04 edo 665-31 14 33 telefono zenbakietara hots egin beharko dute hurrengo egunetan erreserba egin eta txartelak erosteko.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide