Datorren ikasturterako ikastaroak proposatzeko epea zabaldu du Azpeitiko Udalak

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 1a

Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Sailak 2013-2014 ikasturtean ikastaroak emateko proposamenak jasotzeko epea ireki du. Hau da, datorren ikasturtean ikastaroren bat eman nahi dutenek proiektua aurkeztu behar dute Azpeitiko udaletxeko sarrera erregistroan, uztailaren 15era bitartean. Ondoren, ikastaroak aukeratzeko proiektuak baloratuko ditu Udaleko Hezkuntza Sailak. Aukeraketa fasean sartzeko honako baldintzak bete beharko dituzte ikastaroen proiektuek: Ikastaroa emango duenak titulazio egokia izatea edota horretan lan esperientzia duela ziurtatzea agirien bidez; zerbitzu hori herrian beste toki batean ez eskaintzea; eta, udaleko sail bateko helburuekin bat egitea. Udalak aukeratutako proiektuei eskaini diena da: ikastaroen propaganda egitea eta ikastaroa egiteko lokaka uztea. Horrez gain, udalaren eta ikastaroa emango duenaren artean hitzarmen bat sinatuko da, bertan bi aldeen betebeharrak jasoz. Udaletxean proiektua aurkeztu behar dutenek udaleko eskaera orria beteta eta ikastaroaren nondik norakoak azalduz txosten bat aurkeztu behar dute. Txostenean honako atalak azaldu behar dituzte: ikastaroaren helburua, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzenduta dagoen eta irakasleak gaia ezagutzen duela erakusten duten agiriak (heziketa agiriak, lan eskarentua...). Orainarte ikastaroren bat eman eta datorren ikasturtean harekin jarraitu nahi dutenek eskaera orria bakarrik bete eta aurkeztu beharko dute udaletxean. Informazio gehiago jaso nahi duenak 943-157928 telefonora deitu dezake.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide