Irikaitzen indusketak egingo dituzte aurten ere, uztailaren 29an hasita

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 2a

Uztailaren 29tik aurrera hasiko dira berriro indusketa lanetan Zestoako Irikaitzen (Naiara Exposito/Hitza) Aurten hamabost egunez jardungo dute Historiaurreko Irikaitz aztarnategia induskatzen, hilaren 29an hasita. Iazko udan, Zestoan azkenengo indusketa aldia izango zela azaldu zuten Aranzadi Zientzia Elkartekoek, indusketetarekin jarraitzeko aurrekonturik eta baliabiderik ez zutela eta. Baina Irikaitz aztertzen eta aztarnategian lanean segitzeko diru laguntza lortu dute. Hala aurreratu dio Irikaizko indusketen zuzendari Alvaro Arrizabalagak UROLA KOSTAKO HITZA-ri. Orain arte Irikaitzen egindako indusketa zikloa bukatzeko asmoa dute aurten. «Irikaitzerako diru eskaera egin genuen. Iazko diru laguntza bezainbestekoa emanez gero, dirua han aurkitutako materialen azterketan inbertitzea genuen asmoa. Baina, azkenean, aurrekontua igo egin digute, eta aukera izango dugu indusketa egiteko». Uztailaren 29an hasi, eta hamabost egunez jardungo dute lanean Irikaitzen, abuztuaren 11 arte. Kanpo lanak bukatzeko Datorren urtean, ordea, indusketekin ez dutela jarraituko dio Arrizabalagak. Aztarnategiko lanak aurten bukatuko dituzte, eta segitzeak beste ziklo bat hastea eragingo luke. Hori da arrazoia, arkeologoaren esanetan. «Aurtengo asmoa indusketak bukatzea da. Bestela beste ziklo bat zabaldu beharko genuke, eta horretarako bospasei urteko finantza oreka bermatutako eduki beharko genuke. Orain gauzak dauden bezala egonda, hori ezin digute bermatu. Beraz, atzeratuta zegoen hainbat lan egingo dugu orain, eta horrela Irikaizko kanpoko lanak bukatuko ditugu». Azken urteetan krisiaren eragina antzematen ari dira Irikaitzen ere. Orain dela hiru urtetik indusketa aldi laburragoak egin dituzte aztarnategian. Aztarnategi aberatsa Irikaitzen orain dela hamabost urte hasi ziren induskatzen Aranzadi Zientzia Elkartekoak, 1998. urtean. Bi urte lehenago Azpeitiko Antxieta Jakintza Taldekoek aurkitu zuten Irikaitz aztarnategi arkeologikoa. 2006an ez zuten indusketa lanik egin, ordura arte aurkitutako materiala aztertzeko etena egin zutelako urte hartan. Irikaitz aztertzeko lanek emaitza aberatsa eman dute. Esaterako, 2011n 25.000 urteko zintzilikario bat aurkitu zuten, Goi Paleolitoko Gravette aldikoa, Iberiar penintsulan aire librean aurkitutako zaharrena. Aldi bereko gezi puntak, suharriak, zulakaitzak eta marruskak ere aurkitu dituzte Zestoako aztarnategian. Baina  garai zaharragoetako hainbat material ere aurkitu dute bertan, Behe Paleolitoko harrizko hainbat tresna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide