Alex Gurrutxaga: "Asko baloratzen dut ezkutuan jarduten dutenen lana eta borondatea"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko uztailaren 2a

(Argazkia: Idoia Zabaleta) Alex Gurrutxaga (Zarautz, 1988)  Kazetari Berriari dagokion garaikurra irabazi du XXV. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian. 2012ko urritik 2013ko apirilera bitartean Berria-n argitaratutako kritikengatik saritu dute egunkari horretako kolaboratzailea. Besteak beste, Anjel Lertxundiren Paper festa, Karmen Gisasolaren Gaur zortzi eta Joxe Mari Iturralderen Ilargi horia-z idatzi du. Besteak beste, «ondo, argi eta zehatz» egin duela esan du epaimahaiak,  irakurleari «errespetua» erakutsiz eta «egiazko analisiak» eginez. 3.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultoreak egindako garaikurra jaso ditu zarauztarrak. Eta kazetaritza eredugarria egin baina «beren lana hain ikusgarria ez denei» eskaini die saria; Jose Luis Aranguren Txiliku-ri, bereziki. Zer moduz jaso duzu berria? Izugarrizko sorpresa izan da, ez nuen espero inondik inora. Kazetari Berria atalerako, gainera, norberak aurkeztu behar izaten ditu lanak, eta nik ez neukan asmorik. Halakotan ez zaizu bururatu ere egiten aurkeztea. Lagun batek konbentzitu ninduen, ordea, eta zerbait bidaltzea erabaki nuen. Lehenbiziko aldia izan da halako sariketa batera nire burua aurkezten dudana, eta oso gustura nago. Pozgarria da zuk egin duzun zerbait behintzat baloratzen dela jakitea. Batzuri gustatuko zaie, eta besteei ez, baina behinik behin kontuan hartu da. Horrek ematen du poza. Saria jaso izanak lagunduko dizula uste al duzu? Ez dut uste. Gainera, gauza hauek ahaztu egiten dira nahiko azkar. Amak esan zidan argazkian atzean ateratzen naizela;  anekdotikoa da hori. Nire ustez, norberak bere lana egin behar du, ahal duen bezala, eta ahal duen ondoen. Horrek definitzen gaitu, finean. Lan munduan bakoitzak zer egiten duen da garrantzitsua. Sari honek egiten dugunean sinesten jarraitzeko bultzada emango du, eta aurrerantzean ere ongi egiten jarraitzen lagundu. Egiten duzuna ez duzula ongi egiten ikusten duzunean, lekukoa pasatuko diozu ondorengoari, eta hark horixe bera egiten jarraituko du. Saria, hain zuzen, itzalpean lan egiten dutenei eskaini diezu. Lehen Goenkale telesailean jardun nuen lanean, elkarrizketatzaile sailean, eta unibertsitatean ikasi ondoren ere ikusi nuen batzuen lana askoz bisualagoa dela besteena baino. Nik uste dut kultura munduan lan egiten dutenek, eta prentsan zer esanik ez, ezkutuan jarduten dutela. Hori erakutsi zidan Jose Luis Arangurenek. Zentzu horretan, besteren artean Txiliku eta Beatriz Zabalondo eredugarriak dira niretzat; lana ongi egiteko borondatearekin soilik itzaletan jarduten dute.  Eta nik asko baloratzen dut hori. Larunbatean, sari banaketan, eskaera egin zenien bertan bildu ziren politikariei. Politikariek esango dute herrigintzan ari direla eta horren babeserako. Nik uste dut herri kontzientzia kulturatik eraikitzen dela, ordea. Kulturan, edozein esparrutatik: memoriatik, berraztertze historikotik, liburua argitaratzetik, prentsa idatzitik... Hortik lantzen da herri kontzientzia. Horrek  garrantzia baitu, nahiz eta askotan norberak ere ezetz pentsatu. Nik hala sinesten dut. Politikariei askotan ahaztu egiten zaie eta hortik etortzen dira murrizketak. Tartean tartean hori gogoratzeko eskatzen diet, beraz. Literatur  kritikan zaude murgilduta. Nondik datorkizu hori? Ni oso gaztetatik naiz literaturaren zale amorratua. Euskal Filologia ikasi nuen, baina garbi neukan, sari banaketan esan zuten bezala, letra ederrak gustatzen zaizkidala. Eta hor sartu naiz buru-belarri. Asko irakurri, saiatu eta ahal dudan guztia ikasi dut. Gainera, nondik ikasia badaukagu; gauza asko egongo da egiteko, baina asko dagoeneko egin dira. Badaukagu non ikasia, eredu onak ditugu. Aspaldiko pasioa da niretzat literatura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide